Desazkundeaz solasaldia Anerrekaren eskutik

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 19a, 08:34

Anerreka ingurumen elkartearen hileroko dinamikari jarraipena emanez, Joseba Azkarraga Etxagibel soziologoa gonbidatu dute urtarrilaren 27an Sutegira. Desazkundea izango dute hizpide nagusi.

"Desazkundea: patu saihestezina nola bihurtu emantzipazio bide" izeneko solasaldia antolatu du Anerreka ingurumen elkarteak urtarrilaren 27rako 18:30etan Sutegiko auditorioan. Soziologian doktorea izan eta EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle eta ikertzailea den Joseba Azkarraga Etxagibel gonbidatu dute hitzordura. Ekitaldirako izena usurbilkultura.eus plataforma bidez doan eman ahalko da.

"Krisi ekosoziala da gure garaiko datu funtsezkoa. Goitik behera baldintzatuko ditu gure biografiak, komunitateak, jendartea, mundua. Halaxe da dagoeneko, baina nabarmen areagotuko dira bere eztenkadak. Mendea hasi genuen oihartzun handiko leherketa finantzarioarekin. Ondoren, pandemia. Bietan suma daiteke koloso beraren silueta: zoru biofisikoaren hondatzea. Biak ala biak aurreikusgarriak ziren, eta aurreikusi ziren. Prozesua hasi baino ez da egin: zer da geroak dakarkiguna, ebidentzia zientifikorik onenak eskuetan? Distopia ez da halabeharra, ordea: zein da egitasmo emantzipatzailearen gidoi berria, distopia kapitalista are basatiagoak zeru-lurrak konkistatu ez ditzan?". Galdera hauen bueltan egituratuko dute hurrengo asteko hitzaldia.