22. Korrika

Apirilaren 8an goizaldean helduko da 22. Korrika gure artera

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 20a, 11:48

Euskararen aldeko lasterketak apirilaren 8an, ostiralez zeharkatuko du Aginaga, Usurbil eta Zubieta.

22. Korrika badator! Eta euskararen aldeko lasterketa gerturatzen ari den seinale antolakuntza pixkanaka plazaratzen ari den xehetasunak. Horien artean, bat garrantzitsua: ibilbidea. Herriz herri, Korrika noiz, ze egunetan eta ordutan igaroko den ezagutzen den unea heldu da. AEK-k asteazken honetan eman du ezagutzera lekukoak eta barruan ondo ezkutatua daraman mezuak Euskal Herrian barrena osatuko duen bidea.

Abiapuntua eta helmuga udazkenean ezagutu genituen; martxoaren 31n abiatuko da 2019ko azken edizioa amaitu zen herrialde beretik, Arabatik. Amurriotik eta apirilaren 10ean amaituko da Donostian. Usurbil ondoan beraz. Pentsa zitekeen egun horretan, apirilaren 10ean igaroko zela euskararen aldeko lasterketa udalerri honetatik, baina ez, antolakuntzak azken orduotan berri eman duenez, bi egun lehenago igaroko da inguruotatik; apirilaren 8an, ostiralez, eta goizaldean, 6:26 aldera.

Pandemia aurreko azken edizioan gertatu bezala, Orio aldetik sartuko da Aginagako Mapilera. N-634 errepidean barrena Usurbilerainoko bidea egingo du. Udalerrian ohi bezala, hainbat kale zeharkatu eta Santuenetik barrena Zubietara helduko da eta handik Lasarte-Oria aldera joko du.

Kilometroen erreserba
Ohi bezala, Korrikako lekukoa eramateko aukera eskainiko du antolakuntzak. Horretarako, kilometroak erosteko aukera izango da beti bezala. Antolakuntzak jakinarazi duenez, otsailaren 1etik aurrera bideratu ahalko dira erreserbak.

Korrika Laguntzailea
Ohi bezala, euskararen aldeko lasterketa babestu eta laguntzeko aukera izango da. Momentuz, Korrika Laguntzaile izateko aukera dago. 12 euroren truke edizio honetako pina eta txartela jaso eta  hainbat abantailez gozatzeko aukera eskura daiteke: 300 sari baino gehiagoren zozketak, lehentasuna edo deskontuak Korrikaren aldeko ekimenetan, deskontuak baita AEK-ko ikastaroetan eta AIZU! aldizkariko harpidetzan...  Gogoan izan, "22. Korrikak jasotzen duen dirua, Euskal Herri osoko gau-eskolei eta euskaltegiei laguntzeko erabili nahi dugu".

Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduak
"Hitzekin" da 22. ediziorako hautatu duten leloa, "euskara HITZetik EKINtzetara eramateko unea delako", antolatzaile lanak bideratzen ari den AEK-ren esanetan. Are gehiago, bizi dugun testuinguruan. "AEKn jakitun gara pandemiak errotik ezabatu duela euskara plazatik zein askoren bizitzatik; eta, beraz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu Korrikak dakarren euskararen aldeko uholdea berreskuratzea". 

Korrikak oraingoan Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko ditu, "beren ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik". 


Informazio gehiagorako:
korrika.eus
Androiderako APPa.
IOSerako APPa.