Onuradun bakarra, merkataritza lokal hutsetan jarduera berri bat martxan jartzeko udal laguntza deialdian

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 19a, 08:00

Eskaera bakarra aurkeztu da deialdira eta eskabide bakarra onartu du beraz Usurbilgo Udalak egunotan Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu duen iragarkian ohartarazi duenez.

Ekintzaileei zuzenduriko bi diru-laguntza lerroen inguruko behin betiko ebazpenak argitaratu ditu Usurbilgo Udalak egunotan. Batetik, aste hasieran berri eman genizuen moduan, Kabienen proiektuak garatzeko urtebeteko egonaldia egiteko laguntza lerroari lotutako ebazpena. Hiru eskabide aurkeztu ziren deialdira eta hirurak lagunduko ditu Usurbilgo Udalak. Bestetik, merkataritza lokal hutsetan jarduera berri bat martxan jartzeko laguntza lerrora beste eskabide bat aurkeztu da. "Lehenengo epean, hau da, maiatzaren 31 arte ez da eskaerarik jaso eta bigarren epea amaituta, irailaren 30 a bitartean, eskaera bakar bat jaso da", ohartarazia zuen Usurbilgo Udalak.

"Diru-laguntzen Batzorde Orokorrak 2021eko azaroaren 10ean egindako bilkuran, ebazpen-proposamena egin zuen diru-laguntza honen inguruan". Gerora finkatua zegoen epearen baitan, ez da alegaziorik aurkeztu eta behin betiko ebazpena kaleratu du orain Udalak.

Laguntza honetan bi lerro bereizten dira. Hasierako gastuei aurre egiteko gehienez proiektuko 5.500 euroko laguntza eskaintzen du Udalak; eta bestetik, alokairu nahiz erosketa gastuei aurre egiteko laguntza 2 urtez (gehienez 300 euro hilero lehen urtean: gehienez 200 euro hilero bigarren urtean). 

Udalaren ebazpen honi buruzko xehetasun gehiago hemen:
urtarrilaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
urtarrilaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.