Desazkundeari buruzko hitzaldia bertan behera

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 21a, 11:31

Anerreka ingurumen elkarteak urtarrilaren 27rako antolatua zuen solasaldia bertan behera utzi dutela berri eman du.

Osasun krisialdiaren eraginez erabaki behar izan du aipatu solasaldia bertan behera uztea. Anerreka ingurumen elkartetik berri eman dutenez, hizlariak ezingo du bertaratu hitzaldira. 

"Desazkundea: patu saihestezina nola bihurtu emantzipazio bide" izeneko solasaldia zen antolatua zutena urtarrilaren 27rako 18:30etan Sutegiko auditorioan. Soziologian doktorea izan eta EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle eta ikertzailea den Joseba Azkarraga Etxagibel gonbidatu asmo zuten hitzordura.

"Krisi ekosoziala da gure garaiko datu funtsezkoa. Goitik behera baldintzatuko ditu gure biografiak, komunitateak, jendartea, mundua. Halaxe da dagoeneko, baina nabarmen areagotuko dira bere eztenkadak. Mendea hasi genuen oihartzun handiko leherketa finantzarioarekin. Ondoren, pandemia. Bietan suma daiteke koloso beraren silueta: zoru biofisikoaren hondatzea. Biak ala biak aurreikusgarriak ziren, eta aurreikusi ziren. Prozesua hasi baino ez da egin: zer da geroak dakarkiguna, ebidentzia zientifikorik onenak eskuetan? Distopia ez da halabeharra, ordea: zein da egitasmo emantzipatzailearen gidoi berria, distopia kapitalista are basatiagoak zeru-lurrak konkistatu ez ditzan?". Galdera hauen bueltan egituratuko dute hurrengo asteko hitzaldia.