Asteburuan hotzagatik abisu horian

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 21a, 08:48

Urte garai honi dagokion moduan, astebururako gau hotzak iragarri ditu Euskalmet meteorologia agentziak. Abisu horian izango gara tenperatura baxuagatik eta izotzagatik. 

Giro eguzkitsua izango dugu asteburuan, baina gau bereziki hotzak, tenperatura zero azpikoa izan dezakegu ostiral eta larunbat gauean zehar. Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez, Usurbilen inguruan bezala, -1 gradu datozen goizaldeetan. Ondorioz, abisu horia ezarri du tenperatura baxuagatik eta izotzagatik ostiral eta larunbat gauerdian hasi eta larunbat nahiz igande goizeko 10:00ak arte. Inguruotan "izotz txikia egin dezake" meteorologia agentziak ohartarazi dutenez. 

Giro honekin, Usurbilen, ostiral honetan (urtarrilak 21), "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Goizaldean eta goizean goiz han-hemenka prezipitazio txikia egingo du. Ipar/ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Larunbatean (urtarrilak 22), "goiz-lanbroa. Zerua hodei gutxirekin egongo da; goizaldean eta goizean goiz tarte hodeitsu batzuk izango dira, bereziki mendebaldean. Eki-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, ipar-ekialdekoa nagusitu, bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira, eta maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Baliteke lekuren batean izotz txikia egitea".

Igandean (urtarrilak 23), "goiz-lanbroa. Zerua hodei gutxirekin egongo da. Eki-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, ipar-ekialdekoa nagusituz. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus