2022rako udal aurrekontuak behin betiko onartuak

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 24a, 08:20

Udalbatzak azaroaren 25eko osoko bilkuran hasieraz onarturiko 2022rako udal aurrekontuak behin betiko onartu ditu orain. alegazio epea igaro ostean.

Astelehen honetako (urtarrilak 24) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman duenez, 2022rako aurrekontuak behin betiko onartu ditu Usurbilgo Udalak. Guztira, 12.934.000 eurokoak hain zuzen. Jendaurrean ikusgai egon diren artean inork ez du erreklamaziorik aurkeztu eta ondorioz, "aipaturiko Aurrekontua behin betirako onartua geratzen da", ohartarazi du Usurbilgo Udalak.

Pandemiaren eragin sozioekonomikoek baldintzaturikoak
Gogoan izan, udal gobernu taldetik ziotenez, covid19ak eragindako pandemiak eta haren ondorio sozioekonomikoek baldintzatutako udal aurrekontuak izango dira honako hauek bigarren urtez. Lehentasun argi bat izango dutena beste behin; "herritar eta kolektibo zaurgarrienak babestea", asteotan herritar eta eragileekin auzoz auzo eginiko bilera errondan nabarmendu izan duten moduan.

Horretarako "estaldura soziala" nabarmen haztea erabaki du EHBilduk. KPI igoera txikiarekin batera Ordenantza Fiskalei begira hobarien eskaintza zabaldu dute eta iaz indartutako diru-laguntza lerroei beste bat batu diete; Gizarte Larrialdietarako Laguntza Propioa. Gizarte laguntzetara sarbiderik izan ez eta behar larrian diren herritarrei zuzendurikoa.

Anbizio handiko aurrekontuak iragarri dituzte ia 13 milioi eurokoak. 556.000 euro gehiagoko ekarpena jasotzea aurreikusten du Udalak foru funtsetik; 4,7 milioi euro guztira. Inbertsio ahalmena hazteko milioi bat euroko mailegua ere eskatuko du Udalak, legealdi hasieratik hona, zorpetzea %22tik %12,48ra murriztu ostean. 

Udal zerbitzua indartu asmo dute; langileen soldatetan %2ko igoera, zenbait sail giza baliabide gehiagoz hornituko dituzte... "Anbizio handiko" egitasmoei helduko diete, XXI. mendeko erronka globalei tokitik erantzuteko asmoa dute; HAPO-aren lanketaren amaiera, Kalezarko Pelaioenea bukatzeko lanak, Kirolaren Plan Estrategikoa, zaintzen ekosistema, migrazio olatuek eragindako aniztasunaren kudeaketa, trantsizio energetikoa, turismo eredu berria edota Usurbil herri burujabe izateko norabidean kokatuko duen uraren kudeaketa. Ia herri osora zabaldu nahi du Udalak Andatzatik datorren ur edangarriaren erabilera. Añarberi ordaindu beharreko horretan aurreztuko du udalerriak; 100.000 euro urtero.