Osasun zerbitzu publiko duinen aldeko mobilizazioek babes zabala jaso dute

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 24a, 09:39

Sindikatuek deituta, igandean EAE-ko hiru hiriburuetan izandako mobilizazioek milaka lagun batu zituzten osasun zerbitzu publiko duinen defentsan.

Osakidetzak bizi duen egoera jasanezina salatu eta kalitatezko osasun zerbitzu duinen alde milaka herritar manifestatu dira igande honetan, sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan. "Gaur egungo osasun krisiak are gehiago larriagotu du pandemiaren aurreko egiturazko egoera bat", ohartarazi zuten deitzaileek. 

LAB sindikatuaren esanetan, "kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arreta kalitatea areago prekarizatzeaz gain, pandemia aitzakia bihurtu da Osakidetzak murrizketak aplikatu eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko. Horrekin guztiarekin batera, plangintzarik eza, errefortzurik eza eta inbertsiorik eza eta pandemiaren kudeaketak eragindako lan kargaren igoera esponentziala direla eta, lehen arreta soken kontra jarri du. Lehen arreta eraisteko programatutako estrategiak aurrera jarraitzen du, eta Osakidetzak COVID 19a erabiltzen jarraitzen du egiturazko defizita estaltzeko".

Babes zabala
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin zuen Osakidetzako sindikatuek atzo deitutako manifestazioekin.

Covid19aren pandemia hasi zenetik ia bi urte igaro direnean, Hego Euskal Herrian seigarren olatuan gaude, eta, horren ondorioz, izugarri ugaritu dira kutsatzeak, ospitaleratzeak, baita hildakoak ere, nahiz eta azken horiek pandemiaren hasieran baino eskala txikiagoan izan, txertaketa-maila handiagatik.

Oso tamalgarria da Osakidetzak, Osasunbideak eta Gasteizko eta Iruñako gobernuek pandemiari aurre egiteko baliabide eta plantillarIk ez izatea:
1-Urrutitik datozen eta pandemian zehar areagotu diren arazoei aurre egiteko neurri eta soluzioen ezgaitasuna eta utzikeria erakutsi dute.
2-Gure poltsikoetatik maskarak ordaintzera behartu gintuzten lehenik, eta, ondoren, antigenoen testak eta baita PCR probak ere.
3-Pandemiaren, konfinamenduaren, medikazioaren eta gure kontaktuen kontrolaren ardura hartuarazi digute.
4-Iragazkirik gabeko aurrez aurreko arreta jasotzeko zailtasunak izaten ari gara, funtsezkoa baita diagnostiko on bat egiteko.
5-Kalitatezko arretarako funtsezkoak diren osasun-zentroak edo Etengabeko Arreta Guneak (EAG) aldi baterako ixtea.

Atzoko egunez, urtarrilaren 23an, Osakidetzako sindikatuek manifestazioak deitu zituzten Bilbon, Donostian eta Gasteizen, premiazko neurriak berehala aplikatzeko eta lehen mailako arretan  bitartekoak eta plantilla gehitzeko eskatzeko. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta horren baitan Gipuzkoako Pentsiodunok bat egin genuen mobilizazioekin, orain arte planteatu diren ekimen guztiekin egin dugun bezala.

Gipuzkoako Pentsiodunok Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua