Koronabirusa

Eskola Kiroleko lehiaketak baimentzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 25a, 16:56
Eskola Kirolean ezarritako murrizketekiko desadostasuna agertzeko

Urtarrilaren 28tik aurrera Eskola Kirolean ezarriak zeuden murrizketak bertan behera geratuko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita beraz Usurbilen ere.

Eskola Kirolarekiko Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiekiko desadostasuna agertu zuten urtarrilaren 15ean Mikel Laboa plazan "Jolasa osasuna da! Haurren aurkako debeku gehiagorik ez!" aldarripean egin zuten elkarretaratzean, egitasmo honen bueltan lanean dabiltzan eragile, hezitzaile, ikasle eta herritarrek. Azken asteotan Usurbilen soilik ez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alor honetan dabiltzan beste hainbat kideek egin duten moduan. Aldarriotara batu dira, bere unean Eusko Jaurlaritzak zioenez, neurri murriztaileak ezartzearekin bat egin zuten hiru Foru Aldundiak. 

Astearte arratsalde honetan hedabide ezberdinen bidez jakin denez, Eskola Kirolean egun etenda dauden asteburuetako txapelketak ospatzea baimendu du, ostiral honetatik, urtarrilaren 28tik aurrera. Gogoan izan, Jaurlaritzak covid19aren hedapenari aurre egiteko abendu amaieran onartu eta aplikatzen hasi zen dekretuaren testuinguruan erabaki zuela Gasteizko gobernuak Eskola Kiroleko lehiaketak etetea, urtarrilaren 10etik hilaren 28ra.

Hilaren 28ra arte izango da indarrean egungo dekretua. Beraz, egunotan LABI-a bilduko da eta urtarrilaren 28tik aurrera egungo gainerako neurri murriztaileei eutsiko dien, gutxituko edo indartuko dituen erabaki beharko du Eusko Jaurlaritzak.

Egungo murrizketak
Gogoan izan, egun, jarduera guztien amaiera ordua goizaldeko 1:00etarako ezarria dago, azken garraio zerbitzuena 2:00etan. Establezimendu gehienetako edukiera %60ra murriztua dago. Ostalaritza eremuetan, zutik kontsumitzea debekatua dago, elkarrengandik 1,5 metroko distantziara kokaturiko mahaietan 10 lagun bildu daitezke. Kirol instalakuntzetan, barrualdeko kirol jarduerak gehienez 10eko taldeetan egin daitezke, eta aldagelak %50ean bakarrik erabili daitezke.

Hemen momentuz urtarrilaren 28ra arte indarrean egongo den Eusko Jaurlaritzaren dekretuak diorenaren berri: 2021eko abenduaren 28ko dekretua

Hemen Usurbilgo Eskola Kiroleko eragileek urtarrilaren 15eko mobilizazioan plazaratu zuten adierazpena:

ESKOLA KIROLAREN ALDEKO ADIERAZPENA
Eusko Jaurlaritzak eskola kiroleko lehiaketak bertan behera uzteko aginduarekin ez gaudela ados adierazi nahi dugu. Erabaki honek, beste behin ere gazteenon kirol jardueran eragiten du, gaur egun bizi dugun egoerarekin oso koherentzia gutxikoa da, eta era guztietako ondorio negatiboak dakartza.

Pandemia guztian zehar, azken 2 urte luzeetan, alegia, protokolo zorrotzak jarraitu behar izan ditugu, burbuiletan banatuz, dutxa eta aldagelak erabili ezinik, 20-21 denboraldi osoa partidurik jolastu gabe... Eta hala ere egoera honen aurrean bikain erantzun dugula uste dugu. Kirol jarduera giro seguruan garatuz, kirolaz gozatzeko aukera izan dugu, inolako kalterik antzeman gabe.

Inork ez du zalantzan jartzen jolasak eta jarduera fisikoak haur eta gazteen garapenean duen garrantzia. Aditu asko bat datoz gure garapenean mugimendua ezinbestekoa dela ziurtatzean. Jolasa izakiaren berezko jarduera bat da, haur zein helduentzat. Hazkuntza fisikoa, emozionala, kognitiboa eta soziala ahalbideratzen ditu, osasuntsua da eta edonork har dezake parte. Oinarri oinarrian horixe da nahi duguna, jolasten jarraitu!

Horregatik guztiagatik,  uste dugu Eusko Jaurlaritzak onartu behar duela neurri honek ez duela inolako onurarik osasun egoera hobetzeko, eta ondorioz, eskola kirolaren programari eusteko eskatzen diogu, inolako aldaketarik gabe.