Udal-aparejadore lanpostua betetzeko deialdian izena emateko aukera ostegunera arte

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 27a, 12:00

Interesdunek izen emateko asteazken honetara arteko, urtarrilaren 26ra arteko tartea zuten, baina Usurbilgo Udalak izen emateko arazoak egon direla ikusita, bihar arte luzatu du epea.

Lan eskaintza berri bat plazaratu du Usurbilgo Udalak. Hain zuzen, udal-aparejadore lanpostua betetzeko deialdia abiarazi du, duela hilabetetik hutsik dena. "2021eko abenduaz geroztik, hutsik dago udal-aparejadore eta zerbitzu eta mantenu saileko buruaren postua, eta hori betetzeko prozesua abiatu du Udalak, Lanbideren bidez". 

Lanaldi osoko lanpostua da Udalak bete nahi duena, gehienez hiru urterako eta bide batez, "lan poltsa ere sortuko du". Deialdi honekiko interesa izan dezaketenek kurrikuluma aurkezteko gaur arteko, urtarrilaren 26ra arteko epea zuten. Baina sare sozialen bidez Udalak ohartarazi duenez, ostegunera arte luzatuko da epea.

Deialdia arkiteko teknikoa edo aparejadore ikasketak dituztenei zuzendua dago. 4. Hizkuntza Eskakizuna dutenak lehenetsiko dituztela berri eman du Udalak, "nahiz eta hirugarrena dutenak ere onartuko diren. Puntuaketak administrazio publikoko esperientziaren bidez egingo dira". 

Prozeduraren nondik norakoak
Hautagaiek duten Lanbideko kurrikuluma hartuko du kontuan Udalak, merituen balorazioa egiterakoan. "Eguneratu gabe egongo balitz, hortik kanpoko bestelako merituak baloratu ahal izateko, hautagaiek pertsonalgoa@usurbil.eus helbide elektronikora bidaliko dituzte kurrikuluma eta lan esperientzia baloratzeko ezinbestekoak izango diren Gizarte Segurantzak emandako bizitza laboral eguneratua eta administrazio publikoak emandako ziurtagiriak". 

Dagoeneko izena eman daitekeen lan deialdiak jorratuko duen bidea ere zehaztu du Udalak. "Behin-behineko emaitzak argitaratu ondoren, hiru egun balioduneko epea ezarriko da, emaitzak berrikusteko eta erreklamazioak aurkezteko, iragarkia udalaren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Erreklamaziorik ez balego, zuzenean behin betikotzat joko dira; bestela, aztertu eta emaitzak berrikusiko dira, bere kasuan, eta behin betiko emaitzak argitaratu".


APAREJADOREA ETA ZERBITZUBURUA
Pertsona bat bilatzen da udal-aparejadore eta mantentze-lanetako eta zerbitzuetako buru gisa lan egiteko

Ezinbesteko baldintzak:
Arkitektura teknikoa/Arkitektura/Eraikinetako ingeniaria
Gutxienez hiru urteko esperientzia antzeko lanpotuan
Euskara: 3. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea
Administrazio publikoan izandako esperientzia baloratuko da.

Eskaintzen da:
3 urteko bitarteko funtzionarioaren kontratua
eguneko 6:30 orduko lanaldi osoa
hileko 2291,50 euroko soldata gordina. 2022/02/01ean lanean hastea.

Informazio gehiago: lanbide.eus
943 371 951
Usurbilgo Udaleko idazkaritza saila