Erraustegiagatik minbizi kasuen gorakada islatzen duten OEIT-ren datu kezkagarri berriak

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 21a, 11:07

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (OEIT), hondakinen errausketak osasunean duen eraginaz diharduten mundu mailako ikerketa ezberdinen datu kezkagarriak plazaratzen dabil astero, sare sozialen bidez. Azken asteotan Frantziako eta Espainiako ikerlan ezberdinen xehetasunak eskaintzen ari da.

Azken hamabostaldian Frantziako beste bi ikerketetako datuak plazaratu ditu. Batetik, Frantziako "Increased risk of non-Hodgkin lymphoma and serum organochlorine concentrations among neighbors of a municipal solid waste incinerator" azterlanetik jasotakoak. "Ikerketa honetan erraustegietatik gertu bizi diren pertsonen odol-analisietan dioxina-maila altuak aurkitzen dituzte eta linfoma ez-Hodgkin minbiziarekin asoziazioa ere bai".

Frantzian 1990-99 urte artean eginiko beste ikerlan bat ere aztertu du OEIT-k, “lau departamendu frantsesetan 1972-1990 urte bitartean eraikitako erraustegietako emisioen esposizioan egondako” populazioari buruzkoa. Bertan, “asoziazioa baieztatzen da minbizi guztiak hartuta %6ko gehikuntzarekin, baita ere emakumeetan bularreko minbiziaren %9ko gehikuntzarekin, linfoma ez-Hodgkin-en %12ko gehikuntzarekin bi sexuetan eta gizonetan mielomen %23ko gehikuntzarekin”. 

Egunotan bestalde, Espainiako ikerlan baten berri eman du OEIT-k, "Cancer mortality in towns in the vicinity of incinerators and installations for the recovery or disposal of hazardous waste" izenekoa. "Kutsadura-iturri ezberdinek minbiziak eragindako hilkortasunean duten eragina aztertzen da, iturri bakoitzari dagozkion datu espezifikoak agertzeko beharrezko doikuntzak egin ondoren".

Datuak, ezin kezkagarriagoak. "Hondakinen errausketari dagokionez, minbiziak eragindako hilkortasuna %9 igotzen da, emakumeengan urdaileko minbiziak eragindakoa %38 eta behazun-xixkuarenak eragindakoa %43 igotzen dira hurrenez-hurren eta gizonezkoetan pleurak eragindakoa %98 igotzen da".