Zubieta herri guneraino zabalduko da laster, atez ateko bilketa

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 16a, 11:43

Udalak Udalberri aldizkariaren bidez aurreratu duenez, laster Zubietako herrigunetik hasi eta Santuenera bidean dauden bai Usurbil zein Donostia parteko etxe eta komertzio guztietako hondakinen bilketa Usurbilgo Udalaren gain geratuko da.

Eta honenbestez, hasi Santuenetik eta Zubieta kaxkoraino dauden etxebizitza eta komertzio guztietako (bai Usurbil zein Donostia partekoak) hondakinak atez ate bilduko ditu Udalak laster. Urrats hau eman ahal izateko, hitzarmen bat lantzen ari dira Zubietako Herri Batzarra eta Usurbilgo zein Donostiako Udalak, Udalberri aldizkariak berri eman duenez. "Martxoa amaierarako prest izatea espero dute", Udalaren esanetan.

Aipatu moduan, hitzarmen horren arabera, Santuenetik Zubieta herrigunerainoko eremu osoko hondakinen bilketa Usurbilgo Udalaren gain geratuko da. Gogoan izan, Zubieta administratiboki Usurbil eta Donostia artean zatitua dagoela. Lur eremu batzuk Usurbilgoak dira, besteak Gipuzkoako hiriburukoak. Hitzarmen honen helburua, Zubietako zerbitzuak modu eraginkorragoan kudeatzea litzateke; tartean noski, hondakinen bilketa ere modu eraginkorragoan kudeatu ahal izatea. 

Edukiontziak kenduko dituzte
Aldaketa hau begi bistakoa izango da laster. Donostiako Udalak Zubietako kaleetan dituen edukiontziak kendu egingo ditu "eta hondakinak uzteko bi larrialdi-gune ezarriko dira; bata, Lanbide Eskolaren aldamenean, eta bestea Barazarren alboan. Hala, atez ate hondakinak biltzen ez zaizkienei gune hauetarako giltza emango zaie", dio Udalberri aldizkarirako Ibon Goikoetxea Usurbilgo Udaleko Ingurumen saileko teknikariak. Aldaketa honen emaitzen arabera, bestelako urratsak eman edo ez erabakiko dute etorkizunean. Halere, honako hau aurrerapauso handitzat jotzen du udal gobernu taldeak.

2015etik atez atekoa Zubietan
2015eko uztailaren lehenean abiatu zuten atez ateko bilketaren lehen fasea Zubietan, Santuenetik hasi eta Zubieta herri erdiguneraino zeuden Usurbilgo lur eremuko etxeetan. Donostiako lurretan bizi direnei, atez atekora batzeko aukera eskaini zitzaien. Aukera eskaini eta baimena ematen zutenei ere beraz, hondakinak atez ate biltzeko propsamena egin zitzaien Udaletik. 

2009an Usurbilen aipatu sistema abiatu aurretik egin bezala, Zubietan ere Udalak atez atekoa martxan jarri aurretik bizilagunekin adostu zituen zintzilikagailuak jartzeko lekuak. Oro har, errepide nagusiko bidegurutzeetan kokatu zituzten. Gero ontziak banatzeko unea heldu zen; organikoa eta erreusa gaika biltzeko ontziak jaso zituzten; organikoa konpostatzen zutenei organikoarentzako kubo bakarra eman zitzaien; bi kubo, organikoa konpostatzen ez zutenei, bilketari buruzko informazio guztia jasotzen zuen gida eta imanarekin batera.

Atez ateko bilketa martxan jarrita, hondakinak sistema honen bidez biltzen hasi zitzaizkien herritarrei, ordura arte Zubietako larrialdi gunerako zituzten giltzak desaktibatu zitzaizkien. Usurbilen bezala, egunero, hondakin zati bat biltzen hasi zitzaizkien 2015eko uztailaren 1etik aurrera. atez atekora batu ziren zubietarrei.