Legealdiko balantzeaz eta Herri Batzarraren etorkizunaz, bilera irekia apirilaren 3an Zubietan

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 28a, 10:33

2015-2019 legealdiak berea egin du. Lau urteotako balantzea egin eta etorkizunari begira jartzeko ordua heldua da. Baita Zubietako Herri Batzarrarentzat ere. Gutun bidez jakinarazi duenez, honi guztiari buruz jarduteko herri bilera deitu du apirilaren 3rako (asteazkena) arratsalde- ko 19:00etan Kaxkapen.

Hitzordu honetan, aipatu moduan, azken lau urteotako balantzea partekatu nahi dute zubietarrekin. Inbertsioen, garatzen ari diren erronken eta material erosketen gainean jardungo dute.

Une historiko garrantzitsua bizi du Zubietako Herri Batzarrak, gutun berean irakur dezakegunez. Zubietako bizilagunen erakunde nagusia denaren etorkizuna erabakitzeke egon daiteke. Hala dio, datorren asteko bilerako gai zerrendaren bigarren puntuak, 2019-2023 legealdiari begira. “Legegintzaldi berria: jarraipena edo desagerpena”.

Gai hauek eta sor daitezkeen beste batzuez gain, galdera eta erantzunetarako tartea izango da.

Herri bilera oso garrantzitsua beraz, Herri Batzarretik apirilaren 3rako deitu dutena. Bertaratzeko gonbita luzatzen diete zubietarrei. “Zure parte hartzea behar eta espero behar dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu, Zubietako etorkizuna zein izango den jakiteko”, adierazi dute Zubietako Herri Batzarretik.

Lankidetza hitzarmena
Zubietako Herri Batzarrak datorren apirilaren 3rako deitua duen bilkuraren bezperatan, Zubieta hizpide izango dute Usurbilgo Udaleko udalbatzaren osoko bilkuran. Izatez, hilabeteko azken asteartean izaten da udalbatzarra, baina apirilaren 28ko Espainiako Gorteetako hauteskundeetarako mahaikideen zozketa eta plenoa, biak batera egiteko ostegunera (martxoaren 28ra) atzeratu dute hilabete honetako plenoa.

Hauteskunde egunean mahaietan egotea egokituko zaien herritarren zozketa bidezko hautaketa egitearekin batera, gai gehiago ere hartuko dituzte ahotan: Elkar eta Gureak Michelin ondoko Zapategi lur eremura ekartzeko gune honen hirigintza ezaugarrien aldaketa puntualaren hasierako onespena, Beterri-Buruntza eskualdeko tokiko garapen ekonomiko eta sozialerako mankomunitate baten sorreran Usurbilgo Udalaren parte hartzea...

Eta Zubietako hitzarmena. Aurreko astekarian berri eman genizuen moduan, Zubietako hondakinak biltzeaz Usurbilgo Udala arduratuko da laster, Zubietako Herri Batzarrak eta Usurbil zein Donostiko Udalek landu duten lankidetza hitzarmenari esker. Hala berri eman du martxoko Udalberri aldizkariak.

Lankidetza hitzarmen hau ordea, zabalagoa da, “Zubietako eremuan exekutatutako obra eta zerbitzuen” ingurukoa hain zuzen. Zubieta eremu honetan eraginkorrago kudeatu ahal izatea du helburu hitzarmen berriak. Lankidetza hitzarmen hau ostegun honetako plenoan eztabaidatu eta bozkatuko dute udal taldeek.

EAJ, Donostiako eredua hedatzearen alde
Osoko bilkuraren bezperatan Usurbilgo EAJ-k NOAUA!ra igorri duen oharrean Zubietako lankidetza hitzarmenari buruz mintzatu da. Egun Zubietako Donostiako lurretan indarrean den eredua Zubieta eta Usurbil osora zabaltzea defendatzen dute. Usurbilgo EAJ-ko bozeramaile Josune Urkolaren esanetan, “zaborren bilketan Zubietako donostiarrek duten aukera Usurbil osora hedatzearen aldekoak gara”. Alegia usurbildarrek ere atez atekoaren eta edukiontzien sistemaren artean hautatu ahal izatea eskatzen dute, atez atekoa borondatezkoa izatea, egun Zubietako donostiarrek egin ahal duten moduan.

Eredu hau Usurbil osora zabaltzearen aldekoak direla dio Josune Urkola EAJ-ren bozeramaile eta alkategaiak. “Azken batean, salbuespenak salbuespen, Zubietak erabatek, Donostiakoak zein Usurbilgoak, atez atekoari bizkarra emana diote eta edukiontziak erabiltzen dituzte”. Bere ustez, “hitzarmenak asko du hobetzeko”.

Atez atekoa berraztertu behar da, “gabeziak aitortu eta modu eraginkor eta merkeagoak proposatu, inguruko herri gehienek egin duten harira”. 250.000 euroko de zita eragiten duela eta herriko azpiegituren inbertsioetarako geroz eta diru gutxiago dagoela dio EAJ-k.