Zubietako Herri Batzarra berritzeko hauteskundeetarako deia plazaratu dute Usurbilgo eta Donostiako Udalek

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 4a, 17:46

Maiatzaren 26rako deituak dauden udal eta foru hauteskundeez eta Europakoez gain, zubietarrek herri batzarra berritzeko aukera izango dute. Usurbilgo eta Donostiako Udalek aipatu erakundeari lotutako hauteskundeen deialdia plazaratu dute, aipatu moduan, maiatzeko azken iganderako. 

Honenbestez, abian jarri da baita, atzera kontaketa eta hauteskunde deialdi honi lotutako prestaketa prozesua. Gogoan izan, 2019-23 legealdira begira 6 batzarkide hautatuko dituzte zubietarrek; Donostia aldetik aurkezturiko 3 kide eta Usurbil aldetik aurkezturiko beste hiru. Usurbil aldeko hautagaietako bat alkate izango da legealdiko lehen bi urteetan (2019-21 urte artean) eta Donostialdeko hautagaietako bat azken bi urteetan (2021-23 artean).  

Egun sei kideok osatzen dute Zubietako Herri Batzarra. Usurbilek hiru ordezkari ditu; Aizpea Aizpurua Arroyo, Itziar Basterrika Unanue eta Joxe Mari Zubimendi Urdanpilleta. Donostiak Nartxi Arrillaga Balda, Mikel Bengoetxea Iparragirre eta Fernando Iturralde Zabala.

Sei batzarkide eta bi alkate
Udaletan bezala, Herri Batzarrean ere lau urteko legealdia izaten dute, berezitasun batekin; legealdi bakoitzean bi alkate izaten ditu Zubietak. Bi urtez Donostia aldetik aurkeztu den hautagaietako bat izaten da alkate, beste bi urtez Usurbildik aurkeztu diren kideetako bat. Legealdi honek, ohi bezala, bi alkate izan ditu. 2015-17 urte artean Usurbil aldeko hautagaitzak izan zuen alkatetza, Joxe Mari Zubimendi Urdanpilleta izan zen Zubietako alkate. Azken bi urteotan Donostia aldekoak, 2017-19 urte artean, Nartxi Arrillaga Baldak.

Datorren legealdirako hautagaiak aurkezteko epea hilabete amaieran zabalduko dute. Horrekin batera, udal, foru eta Europako hauteskundeekin gertatu bezala, Herri Batzarra berritzeko aurrez bozkatzeko egun bat ere izango dute zubietarrek eta hauteskunde egunerako mahaikideak hautatzeko zozketa ere egingo da. 

"Datorren maiatzaren 26an Zubietako Herri Batzarreko batzarkideen hautaketa egingo da Zubietan. 1996an Usurbilgo eta Donostiako Udalek beren Organoen Araudietan “Zubietako Administrazio Organo Osagarria” onartu zuten, lurralde honen ezaugarri bereziak kontuan izanda. Usurbilgo Udaleko Alkatetza honek Zubietako usurbildar guztiei hauteskunde honi buruz hainbat xehetasun gogorarazi nahi die". Honako hauek, Udaletik bertatik berri eman dutenez:

HERRI BATZARRA BERRITZEKO HAUTESKUNDEAK MAIATZAREN 26AN
BOZKETA EGUNA
"Maiatzaren 26an izango da, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Alamandegin".

BOZKATZEKO MODUA
"Udal bakoitzak botu-txartel bakarra argitaratuko du. Botu-txartelak aldarrikatutako hautagai guztien zerrenda jasoko du eta hautesleak nahiago dituen bi hautagaiak X batez nabarmenduko ditu. Hautesleek gehien aukeratutako hiru hautagaiak izango dira batzarkide".

ZER HAUTATZEN DEN
"Zubietako Herri Batzarreko 6 kide hautatuko dira: 3 donostiarrak eta beste 3ak usurbildarrak, guztiak Zubietan helbideratuak".

BATZARRAREN FUNTZIOAK

1-Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
2-Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietan.
3-Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.
4-Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
5-Udalek Batzarrari eskuratuko dizkieten fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
6-Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.

HAUTAGAIAK
-Nor aurkeztu daiteke? "Edozein hautesle izan daiteke hautagai, zein bere aldean. Hautagai izateko beren nahia idatziz jakinarazi behar diote dagokion Udalari, eta horretarako apirilaren 30etik maiatzaren 7ra arteko epea izango dute".

EGUTEGIA
-Apirilak 30-Maiatzak 7 (biak barne). Hautagaiak aurkezteko epea. Hautagaiek idatziz jakinaraziko diote beren nahia dagokion Udalari.
-Maiatzak 7. Mahaia osatzeko zozketa egingo da.
-Maiatzak 9. Hautagaien aldarrikapena.
-Maiatzak 20. Aurrez botoa emateko aukera. Usurbilgo Udaleko Idazkaritzan, goizeko 08:00etatik 14:30etara.
-Maiatzak 26. Hauteskunde eguna. Goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Alamandegi etxean.