Zubietako zerbitzu eta azpiegituren kudeaketa eraginkortzeko hitzarmena sinatu dute Usurbilgo eta Donostiako Udalek

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 4a, 16:54

Bi udalek asteazken honetan sinaturiko lankidetza hitzarmenak bi udalerron artean zatitua dagoen Zubietari eskaini beharreko zerbitzuak eta bertako azpiegituren kudeaketa eraginkortzea du helburu. Lau urterako sinatu dute, beste lau urtez luzagarria izango da.

Lankidetza hitzarmen hau Usurbilgo Udaleko udalbatzak martxoaren 28an egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zuten aho batez. Udal gobernu taldetik hitzordu hartan ziotenez, bi udalek Zubietari eskaini beharreko zerbitzu bakoitza zeinek hartuko duen bere gain argitzea du helburu. Hitzarmenak bi udalerriok Zubietari zerbitzuak nork eta nola emango diren zehazten du.

Zubietako Herri Batzarretik aspaldi eginiko eskaeran du jatorria hitzarmen honek. Udal gobernu taldetik azken plenoan nabarmentzen zutenez, lanketa luzea eskatu du bi udalak, Usurbilgoa eta Donostiakoa adostasun honetara heltzeak. Hitzarmen hau plenoan onartu eta asteazken honetan sinatu ostean, batzorde bat eratuko da, zerbitzuen banaketa gauzatzeak eskatuko dituen egokitzapenak bideratzeko eta aurrera begira, hitzarmenari berari jarraipena egiteko.

Bikoiztasun administratiboak saihestu nahi dira
Hitzarmenak aitortzen du Zubieta bi udalerriren artean zatitua egoteak duen eragina. "Bi udal mugarte horiek bata besteari lotuta daude, ez soilik lurraldeari dagokionez, baita zerbitzu sareei dagokienez ere, eta ez dago funzioalki eragiten duen mugarik. Horrek hainbat arazo dakartza kudeaketari dagokionez, bai egunerokotasunean bai inbertsioak egikaritzean, baita zenbait tasa eta zerga kobratzeari dagokionez ere. Arazo horiek agerian uzten dute bi entitateen jarduketak ondo koordinatzeko beharra, kostuak eta ahalegina ekonomizatzeko, administrazio publikoen jarduketak zuzendu behar dituen efizientzia printzipioari jarraituz".

Horregatik hitzarmenaren xede nagusia da, "antolatzea eta artikulatzea Usurbilgo eta Donostiako udalek beren eskumeneko obrak eta zerbitzuak Zubietako lurraldean egikaritzeko modua, kudeaketa publikoa eraginkorragoa izan dadin eta bikoiztasun administratiboak saihestu daitezen".

Zubieta osoko hondakinen kudeaketa Usurbilen esku
Uraren hornidura, saneamendu sarea, bideen garbiketa, parkeek, lorategiak eta zuhaitzak, landa bide publikoen garbiketa eta mantentzea, argiteria publikoa, hiri altzariak, garraio publikoa, instalazio eta ekipamendu publikoak, mantentze jarduketak, logoak eta hondakinen kudeaketa nork eta nola egin zehazten du hitzarmen izenpetu berriak.

Zubietako kudeaketa publikoa eraginkortzeko hitzarmen honek badakar aldaketa nabarmen bat; hondakinen kudeaketari dagokiona. "Donostiako Udalak Usurbilgo Udalari eskuordetzen dio hondakinen bilketa zerbitzuaren eskumena, atez ateko sistemaren bidez, eta hark eskuordetze hori onartu egiten du, Zubietan-Donostian bizi eta borondatez eskatzen duen pertsonei emateko".

Honenbestez, Zubieta osoko hondakinen kudeaketa Usurbilgo Udalaren esku geratuko da. 2015eko uztailetik egin bezala, Zubietako Usurbilgo lur eremuan hondakinak atez ate biltzen segiko du Usurbilgo Udalak. Donostiako lur eremuan, orain arte zaborrez gainezka egon izan diren edukiontziak, Irigoien kalekoak eta Errota bidekoak kenduko dituzte, "mantendu egingo dira Irigoieneko eta Araetako merkataritzako bilketa puntuak". Bigarren Garbitxiki bat eraikiko da Barazar kalean. Egun Etarten bai baitago beste bat. Giltza elektronikoen bidez utzi ahalko dituzte hondakinak gune horretako edukiontzietan. Horrekin batera, Donostia aldean bizi diren zubietarrei hondakinak atez ate biltzeko aukera eskainiko die Usurbilgo Udalak. 

Hondakinen kudeaketan aldaketak izango diren arren, zubietar bakoitzak ordea, dagokion udaleko hondakinen tasa ordaintzen segi beharko du.