Zubietako Herri Batzarra, legealdi berriari begira

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 4a, 17:54

Amaitzear duten 2015-19 legealdiaren balantzea egin eta etorkizunera begira jartzeko bilera irekia deitu zuen Zubietako Herri Batzarrak asteazken arratsaldean Kaxkapen. 

Zubietak Herri Batzarra  bezalako tokiko erakunde baten beharra modu nabarmenean agerian uzten duen aurrepauso garrantzitsu bat eman berritan ospatu zuten atzoko bilkura. Kaxkapeko hitzordua baino ordu batzuk lehenago sinatu duten Usurbilgo eta Donostiako Udalek, Zubietako kudeaketa publikoa eraginkortzea ahalbidetuko duen lau urterako (beste lau urtez luzagarria) lankidetza hitzarmena. 

Lankidetza hitzarmen honen beharra eta eskaera Zubietatik eta zubietarrak ordezkatzen dituen Herri Batzarretik sortu zen aspaldi, eta bi udalekin lanketa prozesu luzearen emaitza izan da atzoko hitzarmen sinaketa. "Asko kosta zaigu hitzarmen hau sinatzea. Duela lau urte hasi ginen kontu honekin", zioen egungo Zubietako alkate Nartxi Arrillagak, herri batzarreko kideekin batera, zubietarrekin Kaxkapen egin zuten bileran. 

Hamaika lorpen
Baina hamaika ahalegin, bilera eta eskaeren ostean lortu dute hitzarmena. Baita gehiago ere, amaitzear duten 2015-19 legealdiaren egin zuten balantzean plazaratu zutenez. Esaterako, goizero ikastetxeetara joateko autobusa hartzeko Zubietan zain izaten ziren ikasleentzako markesina bat jartzea lortu dute, euri egunetarako bereziki. Autobusak aipatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan autobus zerbitzuetan bideratu nahi izan dituen hainbat murrizketen artean, murrizketok Zubietari ere eragitea aurreikusten zen. Murrizketok saihestea lortu zuten ordea.

Haurren jolastokia, aipatzeko beste proiektu bat. Zubietako Eskolatik sortua. Usurbilgo Udala barrutik ezagutzeko bertara eginiko txango batean, eskolak berak proposatu eta gauzatu dena. Zubietako Eskolatik atera gabe, 2017an, urteetako ahaleginen ostean, Zubietak Lehen Hezkuntza osoa eskaini ahal izatea lortu zen. "Ona da herriarentzat. Herria sendotzen du", haurren arteko harremanak sendotzearekin batera, 12 urte arte bertan ikasteko aukera izango baitute aurrerantzean. 

Frontoiko graden azpialdea txukuntzeko lanak ere bideratu dituzte legealdi honetan. Pilota Elkarteak, Jai Batzordeak edota Bertso Eskolak eginiko hainbat baliabideren eskaera bideratu dituzte. 

Aipatzekoa, Lanbide Eskolak Zubietako herrirako landu duen energia plan propioa. Eta hemen beste aldea, Zubietan erraustegirako eta gainerako azpiegiturentzako gasa sartzeko lanetan, informazio falta salatu zuten. "Herriari zerbait esan nahi eta zer esan jakin ez", Zubietako alkateak Kaxkapen zioenez. 

Aurrera begira, hilabete eta urteotan Zubieta handituko da, besteak beste, Zubieta gainean eraikiko dituzten azpiegitura guztiekin. Neurri batean, etorkizuneko Zubieta marraztuko dute. Legealdi honetan hain zuzen, 2017an, Emun-en laguntzaz, zubietarrek zer nolako Zubieta nahi zuten iritziak biltzen aritu ziren. Nola irudikatzen zuten etorkizuneko Zubieta.

Langile bat kontratatuko da
Zubietarako etorkizuna marrazten, lantzen eta erabakitzen joan beharko dute hurrengo urteotan. "Zubietak hazi beharko du, baina nola hazi" erabakitzeko, zubietarren iritzia aintzakotzat hartu, entzunak izateko Herri Batzarrak funtzio ezinbestekoa izango du, horretarako ordea "atzetik herria behar du". Herriaren babesa eta laguntza.

Egungo Herri Batzarreko kideek batzarkide gisa izandako ibilbidea amaitutzat emango dute legealdi amaierarekin batera. Bertako erakundea dutena berritzeko maiatzaren 26rako deituak dauden hauteskundeetara hautagai gisa aurkeztera animatu zituzten zubietarrak atzo Kaxkapen. "Lau urte luze egiten dira, baina dezente pozik gara egin dugun lanaren emaitzak ikustean", zioen Itziar Bastarrikak. Egungo kideen aldetik, laguntzeko prestasuna adierazi zieten etorkizunean  batzarkide izan daitezkeenei. Baina babes handiagoa izango dute etorkizunean. Kaxkapeko bileran iragarri zutenez, legealdi berrirako langile bat kontratatuko da Herri Batzarrerako. Kontratazio honek, besteak beste, Usurbilgo eta Donostiako Udalekin izan beharreko hartuemanak eta kudeaketa lanen arintzea ekarriko du. "Herri Batzarra dinamikoagoa izaten asko lagunduko du", zioen Itziar Bastarrika batzarkideak. Eta aipatu moduan lan zama handia kenduko die batzarkide berriei.

Herri izaera mantentzeko garrantzitsua
Argi ohartarazten zuten Herri Batzarrak duen garrantzia. Bere jardun gabezia "gure kontra" doa ziotenez. Oroitarazten dutenez, Herri Batzarra da Zubietaren izaera bere osotasunean jaso eta aintzakotzat hartzen duen erakundea. "Herri izaera izan nahi badugu, garrantzitsua" izango da batzarrak bere ibilbideari eustea.