Zubietako erraustegia

GuraSOSek larunbateko Lasarteko manifestazioarekin bat egin du

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 8a, 13:34

GuraSOSek Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataformak Lasarten bertan larunbaterako deitu duen manifestazioarekin bat egin du. Mobilizazioan parte hartuko du, herritarrak ere bertaratzera deitzen ditu. Sare sozialen bidez iragarri dutenez, babes kutxak salgai izango dituzte.

Aire Garbia herri plataformak deitutako manifestazioa larunbatean (maiatzak 11) arratsaldeko 18:00etan abiatuko da Lasarte-Oriako Okendo plazatik, “Bilketa eraginkorra bai, errausketarik ez!” aldarripean. Aipatu moduan, erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginagatik kezkaturiko guraso taldeak, GuraSOSek bat egin du manifestazio honekin. Egunotan bete ditu hiru urte jendaurrean aurkeztu zenetik, Lasarten bertan hain zuzen.

Manifestazioan parte hartuko du GuraSOSek, herritarrak ere mobilizazioan parte hartzera animatzen ditu. Babes kutxak ere salgai izango dituztela iragarri dute sare sozialen bidez. "GuraSOSek bat egiten du larunbat honetarako Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak deitutako manifestazioarekin. Bertan egongo gara Babes Kutxak saltzen ere, gure haurrak eta Gipuzkoa babesteko. Birziklapen eraginkorra orain!".

Laguntzarako eta babeserako kutxak
Gogoan izan, babes kutxon salmenta, GuraSOSek eskuartean dituen egitasmoek eragindako gastuei aurre egitera bideratua dagoela. Bereziki, Hitzartu, etorkizuneko Gipuzkoako herri hondakinen kudeaketa plan alternatiboaren lanketak eragindako gastuei aurre egitera. 80.000 euro behar ditu GuraSOSek. Auzolanean jada, 75.125,93 euro bildu dituzte. Azken bultzada behar dute honenbestez, 80.000 eurora heltzeko. 

Usurbilgo haurrek urriaren 7an frontoian sortutako hitz eta marrazkiekin apaindutako babes-kutxak erosiz lagundu daiteke honenbestez. 10 eurotan eskuratu ahalko dira. Diru ekarpenak ere egin daitezke, bideotatik:
Laboral Kutxa: ES05 3035 0140 33 1400031124
Kutxabank: ES83 2095 5060 10 9117692165.

Informazio gehiago: gurasos.org

MANIFESTAZIOA LASARTEN
Eguna: maiatzak 11, larunbata.
Ordua: 18:00.
Tokia: Lasarte-Oriako Okendo plazatik.
Zehaztasunak: manifestazioa Lasarteko kaleetan barrena, “Bilketa eraginkorra bai, errausketarik ez!” aldarripean.
Antolatzailea: Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataforma.