Larrialdi klimatikoa izendatzea eskatu du Fridays For Future mugimenduak Donostian, erraustegia alboratzearekin batera

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 25a, 16:29

120 herrialde baino gehiagok bat egin zuten ostiralean, #FrydaysForFuture klima larrialdi egoera ezartzea eskatzeko ikasleen mugimenduak mundu zabalean, baita Euskal Herrian ere. Donostiako mobilizazioetara GuraSOS, Errausketaren Aurkako Mugimendua, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea, Eguzki edota Greenpeace batu ziren.

"Sufritzen ari garen hondamendi ekologikoa geldiarazteko", larrialdi klimatikoa deklaratu eta maiatzaren 26ko hauteskundeen ostean agintean izango direnei neurri eraginkor eta sakonak hartzea eskatu zien ostiralean mundu mailan mobilizatu en Fridays For Future ikasleen mugimenduak. Baita Euskal Herrian ere, besteak beste Donostian. Gizarteari berriz, gai honetan bat eginda egon behar dugula gogorarazi zieten. Mundu osoan hainbat mobilizazio egin ziren egun osoan zehar; Donostian arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Alderdi Ederren eta segidan manifestazioa hiriburu erdigunetik barrena.

Manifestazioan zehar etenik gabe oihukatu zuten, "gure etxea sutan dago", "larrialdi klimatikoa orain", edota "B planetarik ez dago" gisako aldarriak. Hainbat kartel eskutan zituzten, SOS mezuak nonahi, bizi dugun larrialdi klimatikoa gogorarazteko. Fridays For Future ikasle mugimenduaren atzetik, GuraSOS, Zubietan eraikitzen amaitzear izan eta kea dariola jartzear duten erraustegiaren kokagunea adierazten zuen pankartarekin. "Osasuna arriskuan? Inolaz ere ez!" aldarriarekin.

Segidan Errausketaren Aurkako Mugimendua; hondakinen errausketa klima aldaketaren sinonimo lotsagarria dela oroitaraziz. Mobilizazioa abiapuntuan amaitu zuten hain zuzen, Alderdi Ederren, "etorkizuna ez erre!" exijituz.

GuraSOS: "Gure seme-alabentzako bizitza duina, sanoa eta etorkizuna nahi dugu"
Manifestazioa abiatu aurretik eragile ezberdinek hitza hartzeko aukera izan zuten. Hasteko hiru urte bete berri dituen GuraSOSek. Denbora tarte honetan, datozen belaunaldiak babesteko lan egin dutela zioen Joseba Belaustegik. "Duela hiru urte hasi ginen batez ere, etorkizuneko belaunaldiek gure seme-alabek izan dezaten etorkizuna, bizi baldintzak eta osasuna bermatua".

Erraustegiaren aurka borrokan daramatzate hiru urte, ikuspegi zabalagoko helburu baten alde lanean: "gure seme-alabak kutsaduratik babestea". Gu guztiok arriskuan jartzen gaituzten klima aldaketa eta kutsadura arazo larritzat jotzearekin batera, indarrean den eredu ekonomikoa eta kontsumo eredua aipatu zituen. Ereduotan enpresa interesek agintzen dutela nabarmendu zuten eta horrekin ez daudela ados. "Gure seme-alabentzako bizitza duina, sanoa eta etorkizuna nahi dugu".

Errausketaren Aurkako Mugimendua: "Denok elkarrekin borroka egin behar dugu"
"Guk utziko dugun mundu zikin honi buelta eman behar diozue" adieraziz eta bertaratu ziren gazteak zorionduz hartu zuten hitza Errausketaren Aurkako Mugimenduko ordezkariek. Amaitzear zen hauteskunde kanpainan alderdi politikoak klima aldaketaz aritu direla gogorarazten zuen, baina "bitartean bost kilometrora erraustegi bat eraikitzen ari zaizkigu" zioten, nabarmenduz, "izugarrizko eragina izango duena klima aldaketan, eta horrez gain, garestia, osasunarentzat kaltegarria".

Erraustegiek eragiten duten kutsaduraren bi zertzelada eskaini zituzten. "Erretzen den zabor kilo bakoitzeko, kilo bat CO2 isurtzen du erraustegiak. Euskal Herrian daukagun erraustegi bakarrak, Zabalgargik, Gipuzkoako diesel kotxe guztiek adina nitrogeno oxido isurtzen du".

Bizi dugun egoerari aurre egiteko bidea elkarlanarena zela berretsi zuen. "Denok elkarrekin borroka egin behar dugu".

OEIT: "Aldaketa klimatikoa da munduko biztanleriarentzat arrisku handiena"
Erraustegiak gu guztion osasunean duen eragina ikertzen urteak daramatzan mediku eta aditu taldeak, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak ere Donostiako mobilizazioan parte hartu zuen, arrazoi argi batengatik. "Kutsaduraren aurka gaude". OEIT-ko ordezkariaren esanetan, "kutsadurak arrisku bat suposatzen du osasunerako. Kutsadura eta aldaketa klimatikoa da mundu osoko biztanleriarentzat arriskurik handiena". OEIT-k horregatik bultzatzen dituela ekimenok gaineratu zuten.

Eguzki: "Pentsatu globalean, ekin lokalean"
Klima aldaketaren aurkako mundu mailako borrokak tokian tokiko hamaika borroka ditu. Gurean, hurbilenean, Donostiako ostiraleko mobilizazioan parte hartu zuen Eguzki talde ekologistatik gogorarazi zutenez, izen abizen propioak ditu; erraustegia. Tokian tokiko borrokei, eta aldaketa klimatikoaren borroka globalari aurre egiteko moduak bi dira, elkarrekin uztartu beharrekoak. "Pentsatu globalean baina ekin lokalean".