Zubietako erraustegia

Abuztu amaieran jarri dezakete martxan Zubietako erraustegia

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 17a, 13:34

Hala berri ematen ari da Diario Vasco egunkaria. Hedabide honen arabera, Gipuzkoa osoko zaborra tratatzen hasia da TMB planta. Lehen hondakinak aldiz, abuztu amaieran errausten hasi daitezke. Eta urte amaierarako, Zubieta gaineko hondakinen kudeaketarako azpiegitura guztiak martxan egon daitezke.

Orain bai, atzera kontaketa betean garela esan daiteke. 2017ko maiatzean "lehen harria" jarri ostean, eta ordutik etenik gabe lanean jardun ostean, lanak amaitu eta eraikitakoa martxan jartzera doaz. Zubietako erraustegia abuztu amaieran kea dariola ikus dezakegu, Diario Vasco hedabidea asteazken honetan berri ematen ari denez. 

Aipatu egunkariaren arabera, abuztu amaieran lehen hondakinak errausten hastea aurreikusia dago. Errauste plantako zenbait zatietan probaldi fasea hasi dutela berri eman du DV-k, informazio iturri gisa Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa aipatuta. Urte amaierarako berriz Zubieta gaineko hondakinak kudeatzeko azpiegitura guztiak martxan egotea espero dute proiektuon sustatzaileek. 

Erraustegiak erregaia behar du argi denez. DV-k aipatzen duenez, erraustegiko bi parrillek orduko 12,5 tona zabor errausteko gaitasuna dute. Honenbestez, nahikoa erregai behar dute eraginkorrak izateko eta haien jarduna eten ez dadin. 

Jada martxan dagoena, Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) planta da. Gogoan izan, apirilaren 25ean heldu ziren lehen kamioiak errausketaren zero gunera, Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) plantara. Ordutik, DV-ren arabera, 3.500 tona zabor galbahetu dituzte. Lehen zabor kiloak hilabete barru errausten hasi daitezke.

Paraleloki garatzen ari diren lanen bi faseen baitan azpiegiturok eraikitzen ari dira hiru lursail ezberdinetan: 31.988 metro karratuko lur eremuan, biometanizazio eta zepentzako plantak; bestean, erraustegia eta tratamendu mekaniko-biologikorako plantak; eta hirugarrenean “Naturklima”. Biometanizazio planta abuztu hasieran martxan jar dezakete.