Zubieta, jaien atarian

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 17a, 12:42

Uztailaren 24tik 31ra jai izango dute Zubietan! Badatoz herriko festak bertara. Jai Batzordetik hainbat ohar helarazi dituzte NOAUA!ra. Tartean antolatu dituzten bazkari  eta afarietarako txartelen salmentaren gaineko informazioa. Adi beraz.

Festa usainean dira Zubietan! Egunotan banatzekoa zen Jai Batzordea festen egitaraua. Etxez etxeko banaketarekin Zubieta orain bai, astebeteko parranda giroan murgiltzeko bidean da. Uztailaren 24tik 31ra denetariko hitzorduak programatu dituzte. “Egitarauan ikusten denez, ekintza anitz, parte hartzaile eta ezberdinez beteriko festak datozkigu aurtengoan ere”. Kontzertuak, jan edan dastaketak, haur jolasak, oilasko biltzaileak, kirol hitzorduak… Eta lagun arte ederrean ospatzeko moduko bazkari eta afariak! 

Txartelak
Adi hitzorduotarako txartelen salmentari. Festa gunetik mugitu gabe, Zubietako herri jaietan antolatu dituzten otorduetan parte hartzeko lekua aurrez erreserbatu behar da. Uztailaren 24ko herri afarikoak Alamandegin eskuratu ahalko dituzue uztailaren 21a baino lehen; helduenak 25 eurotan, haurrenak 12 euroren truke. “Errespetatu azken eguna mesedez”, eskatu dute antolatzaileek.

Uztailaren 27an bazkari herrikoia ospatuko dute Zubietan. Kasu honetan, “kuadrila bakoitza ardura dadila bere bazkaria ekartzeaz. Jai Batzordeak eskuragarri ipiniko dizkie herritarrei mahaiak, aulkiak, mahai-tresnak, platerak eta edalontziak”. 

Festetako azken eguneko zikiro-janekoak uztailaren 26a baino lehen erosi, hauek ere Alamandegin, helduenak 22 eurotan, haurrenak 12 euroren truke. Jai Batzordeak ohartarazi duenez, “zikiro jatea ospatzeko beharrezkoa izango da 100 lagun elkartzea. Gutxieneko kopuru hori ez bada osatzen, banan-bana jakinaraziko diegu herritarrei ez dela bazkaririk egingo. Animatu eta erosi zure txartela!”.

Hilaren 28ko jubilatuen eguneko bazkaria ohi bezala, Barazar jatetxean ospatuko da. Uztailaren 24a baino lehen hartu behar da lekua, 639 273 580 (Miriam) telefono zenbakira deituta. 

Bertso Txapelketa
“Nola ikusten duzu Zubieta hemendik 20 urtera?” galderari bertsotan erantzunda, Zortzitan Bertso Eskolak antolatu duen txapelketan parte hartzeko aukera egongo da jaiotan. Zubietako 1. Bertso Txapelketako lanak helarazteko “bertso-kutxak egongo dira herriko tabernetan eta txosnan. Sari banaketa uztailaren 27ko sagardo-dastaketaren bueltan egingo dela ohartarazi dute.

 

Eskertza
Ekitaldi eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango da abiatzear dituzten Zubietako jaietan, Jai Batzordetik nabarmentzen duten moduan geroz eta herritar gehiago baitira ekimenen bat antolatzera animatzen direnak. “Jaien antolakuntzan geroz eta herritar gehiagoren laguntza dugu, eta zinez eskertuak gaude”. Eskerrak helarazi nahi dituzte Jai Batzordetik, herritar talde ezberdinei festen antolakuntzan eskainitako laguntzagatik. Zubietako Pilota Elkateari, “herri afaria antolatzeagatik eta joko garbi zein errebotea, festetan ere, ikusgarri egiteagatik”.

Zortzitan Bertso Eskolari “sagardo dastaketa antolatzeko ardura antolatu eta Zubieta bertso-mundura hurbiltzeagatik”. Zubietako Guraso Elkarteari, “festetako umeen egunerako eskainitako laguntzagatik”. Guraso talde “beteranoei, urtero-urtero, sardin eta piper jateaz arduratzegatik; eta guraso-talde “berriagoei”, aurten, herri-olinpiadak antolatzeagatik”. 

Auzolanaren ispilu dira festok. Abiatzear duten aste nagusian zabalik izango den txosnagunerako laguntza behar dute. “Herritar bakoitzak txanda bat egingo bagenu, guztiok gozatuko ditugu jaiak! Horregatik, herritarrak txosnako txandak egitera gonbidatu nahi ditugu. Jarri jai batzordearekin harremanetan, mesedez, txanda hautatzeko”.