Zubietak irabazi du Gipuzkoako Errebote Txapelketako finala

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 20a, 20:47

Zubietak irabazi du Gipuzkoako Errebote Txapelketako finala 10-13 Oiartzungo Txost taldeari gailenduta. Zubietako errebote plazan jokatu dute ia hiru ordu iraun duen finala. Aurreko urtean ere, Zubietak irabazi zuen txapela Txost taldeari 13-2ko tartea aterata.

Hiru jardunaldiz osaturiko lehen fasea jokatu ostean, Gipuzkoako Errrebote Txapelketako finalerako sailkatu zen Zubieta. Behar Zana (Villabona) eta Txost (Oiartzun) izan dituzte lehiakide zubietarrek. Azken neurketa hain zuzen Behar Zanarekin izan zuen Zubietak; 13-3 irabazi zieten villabonarrei etxean. Honenbestez, Zubieta eta Oiartzungo Txost taldeen artekoa izan da Gipuzkoako Errebote Txapelketako final handia. 5-2 galtzen hasita, markailuari buelta ematea lortu dute zubietarrek eta 10-10eko berdinketa iraultzea lortu dute.

Kirol hitzordu gehiago jaietan
 Final handiaren ostean, egun gutxiko tartean hasiko dira Zubietako jaiak. Festa hauetan ere kirol hitzordu bat baino gehiago izango da:
-Uztailak 25: 18:00 Herriko gaztetxoen Joko Garbi erakustaldia, Errebote Plazan.
-Uztailak 31: 11:30 Zubietarren arteko errebote partida.