Zubietako erraustegia

"Gure helburua erraustegia ez piztea da, eta pizten bada lehenbailehen gelditzea"

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 5a, 20:50

Zubietan kokaturiko Gipuzkoako erraustegia martxan jartzen badute, isuriko dituen kutsagaiak zientifikoki aztertuko dituztela iragarri dute zubietarrek gaur errebote plazan egin duten agerraldian. Baina urteotako helburu nagusia zein den ahaztu gabe segitzen dutela gogorarazi digute; erraustegia geratzea dela erronka nagusia. Horregatik, datozen deialdietan, igandeko Kontxako giza katean parte hartzera deitu dute.

Zubieta Lantzen elkarteak deituta, ostegun arratsaldean errebote plazan egin duten agerraldian, erraustegiaren kutsadura zientifikoki neurtuko dutela iragarri dute zubietarrek. Baina argi utzi nahi izan dute, ez dutela alboratu duela ia bi hamarkadatik borrokarako jomuga izan duten helburu nagusia; eraikia eta martxan jartzear egon daitekeen erraustegia geratzea alegia. 

"Guk nahi duguna da erraustegia ez piztea, nahiz eta hau (ikerketa zientifikoa) aurrera eraman, eta pizten bada lehenbailehen gelditzea", adierazi dute zubietarrek agerraldi bidez. 

Horregatik, erraustegia geratzeko ekintzetan parte hartzera deitu dute, hurbilen dagoen hitzordutik hasita. Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Donostia Bizirik plataformak, hainbat eragilerekin elkarlanean, iganderako (irailak 8) Kontxan deitu duten giza katean parte hartzera deitu dute. Hitzorduaren berri zehatzago hemen:

ERRAUSKETAREN AURKAKO GIZA-KATEA
Eguna:
irailak 8, igandea.
Ordua:
11:30.
Tokia: Donostiako Alderdi Ederren, Kontxa hondartzara jaisteko arrapala.
Zehaztasunak: "Errausketa=klima aldaketa" aldarripean, giza katea deitu dute Donostiako Kontxan, estropaden bigarren jardunaldi egunean. 
Deitzaileak: Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Mugimendua eta Donostia Bizirik.