Zubieta, 56. Endika Abril Errebote Txapelketako finalerdietarako sailkatua

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 8a, 10:10

Zortzi taldeetatik lau sailkatu dira 56. Endika Abril Errebote Txapelketaren azken faserako. Tartean da Zubieta. Igande goizeko 9:00etan jokatuko dira finalerdiak Zubietako plazan.

Euria tarteko, zenbait jardunaldi atzeratu beharrean aurkitu da antolakuntza. Izatez urriaren 6an ospatu behar zuten final handia, baina asteburu honetan hasiko da jokatzen 56. Endika Abril Errebote Txapelketako azken fasea. Finalerdiak jokatuz abiatuko dute azken txanpa. 

Zortzi talde aritu dira azken asteotan lehian. Hiru jardunaldiz osaturiko ligaxka jokatuta ordea, lau izan dira finalerdietara sailkatzea lortu dutenak. Tartean, Zubieta! Eta Zubietarekin batera, Oiartzungo Txost, Hazparneko Noizbait eta Donibane Lohitzuneko Luzean. 

Gipuzkoako Pilota Federazioak berri eman duenez, lau taldeok neurtuko dira, igande goizeko 9:00etan Zubietako errebote plazan jokatuko diren finalerdietan. Zubieta Txost taldearekin lehiatuko da, eta Luzean eta Noizbait, Ipar Euskal Herriko bi taldeen artekoa izango da bigarren partida. 

Finalerdiotako bi txapeldunek jokatuko dute final handia, aldaketarik ez bada, Villabonako plazan. Egutegia eskutan, dena aurreikusi bezala badoa, urriaren 20an ospatu liteke 56. Endika Abril Errebote Txapelketako azken neurketa.

56. ENDIKA ABRIL ERREBOTE TXAPELKETA
Faseak:
-Itzuli bakarreko ligaxka: azken asteotan jokatu da Oiartzun, Villabona eta Zubietako plazetan.
-Urriak 13 (igandea) 9:00etan Zubietako plazan: lehen fasean, bi multzoetako lehen bi postuetan sailkatutako taldeen arteko finalerdiak. Multzo bateko lehen sailkatua beste multzoko bigarren sailkatuarekin lehiatuko da:
Zubieta-Txost
Luzean-Noizbait
-Finala: Villabonako errebote plazan. Eguna zehazteke.
Parte hartzaileak: 
A multzoa: Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa), Behar Zana (Villabona, Gipuzkoa), Noizbait (Hazparne, Lapurdi), Zaharrer Segi (Baigorri, Nafarroa Beherea).
B multzoa: Luzean (Donibane Lohitzune, Lapurdi), Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi), Sarako Izarra (Sara, Lapurdi), Txost (Oiartzun, Gipuzkoa).

Informazio gehiago: gipuzkoapilota.eus