Zubieta eta Ispasterreko energia esperientziak aztergai, ostiraleko solasaldian

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 16a, 12:19

Herritar talde batek energiaren inguruan antolaturiko jardunaldien baita iragarri dute eremu honetan bi herriok eginiko lanketari buruzko xehetasunak eskainiko dituen solasaldia, ostiral arratsaldeko 19:00etarako (urriak 18) Potxoenean.

Etorkizunera begira kezka iturri dugun energia hizpide izango duten jardunaldiak antolatu ditu herritar talde batek asteotarako. Eremu honetan bizi dugun egoeraren aurrean “planteatzen ari ginen zer egin dezakegun jendearengana iristeko, beste bide bat behintzat badela adierazteko eta bide horretan zerbait egiten hasteko”. Herritar talde hau elkartu eta petrolioa, energiari lotutako toki-esperientziak eta Usurbilgo autohornikuntza azterketa hizpide izango duten hiru saio antolatu dituzte Potxoenean. “Jardunaldi hauetan proposamen zehatzak ekarriko dira”, iragarri dute. Tartean, Ispasterrekoarekin (Bizkaia) batera, Zubietak energiaren inguruan egiten ari den lanketa ekarriko dute hitzorduotara.

“Jardunaldion helburua ez da soilik eztabaida piztea”, gaineratzen dutenez, Usurbilen energia eta elikadura subirautzaren arloetan, edota hondakin zein mugikortasunaren eremuetan lan egingo luketen “lan taldeak sortzea baizik, beste eredu bat bultzatzeko”.

Gaizki dagoenaz protestatzetik haratago joan behar garela azpimarratzen du herritar talde honek. “Denbora dezente galdu dugu. Zehaztasunez eta modu errealean eraikitzen hasi behar dugu”, ohartarazten digute. Pil-pilean den klima larrialdiaren harira sarritan entzuten ari garen moduan, berandutu baino lehen. Datorkigunaren aurrean gutxienez, “pixka bat prestatuak harrapa gaitzala. Goazen prestatzen hastera”.

DATOZEN JARDUNALDIAK
Urriak 18, ostirala
19:00 Hitzaldia Potxoenean: “Toki-esperientziak energian: Zubieta eta Ispaster proiektuak. Energia Berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak”.

Azaroak 8, ostirala
18:00 Hitzaldia Potxoenean. “Usurbilgo autohornikuntza azterketa”. Hizlaria: Jesus Calvillo.

Antolatzailea: herritar taldea.