Zubietako Garbitxikiak baliatzeko giltzen banaketa egunotan Kaxkapen

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 18a, 08:34

Datorren astelehenean indarrean jarriko dira Zubietako Herri Batzarrak eta Donostia zein Usurbilgo Udalek pasa den udaberrian adostu eta sinaturiko hitzarmenean aurriekusitako aldaketak. Tartean, hondakinen bilketa zerbitzuari dagokiozkionak. Kaxko inguruko edukiontziak kendu eta bi Garbitxiki baliatu ahalko dira hurrengo astetik aurrera. Garbitxikiotako giltzak ostiral eta larunbat honetan eskuratu ahalko dira.

Aldaketak izango dituzte zubietarrek egunerokoan jasotzen dituzten zerbitzuetan, datorren astelehenetik aurrera. Zubietako Herri Batzarrak Usurbil eta Donostiako udalekin elkarlanean landu eta udaberrian lau urterako (beste lau urtez luzagarria) sinatu zuten lankidetza hitzarmenak jasotakoa gauzatzera doaz honenbestez. 

Orain arte bi udalek, Usurbilgoak eta Donostiakoak Zubietari eskaintzen zizkioten zerbitzuak koordinatu, ardurak banatu eta eraginkortzeko, zerbitzu bakoitzak nork eta nola eskainiko duen zehazten du, aurreko legealdian hiru erakundeek eginiko bilera tekniko eta politikoetatik jaio den hitzarmenak. Aldaketa esanguratsuena hondakinen kudeaketari lotutakoa izango da. Zubietako hondakinen kudeaketaren ardura Usurbilgo Udalaren esku geratuko da hilaren 21etik aurrera. Edukiontziak kendu eta Etarte eta Barazarreko Garbitxikiak baliatu ahalko dituzte zubietarrek. Guneok erabiltzeko giltza eskuratu beharko da, ostiralean 16:00-19:00 artean Kaxkapen, edo larunbat goizean, 11:00-13:00 artean leku berean. Baita bestela, Usurbilgo Udalaren Atez Ateko Bulegoan. Donostia aldean bizi diren zubietarrei hondakinak atez ate biltzea nahi duten galdetuko die Usurbilgo Udalak.

Tasen ordainketa, nork bere udalerrian
Ur hornidurari dagokionez, Kaxkoa Añarbeko urak hornituko du, Learritza pasealekuko bizilekak Usurbilgo urak. Zerbitzuon truke ordaindu beharreko tasak nork bere udalerrian ordaindu beharko ditu, nahiz eta zerbitzua beste herriak eman.

Zubietan abian jarriko diren aldaketen jarraipena egiteko batzordea osatu dute aipatu hiru erakundeek.