Zubietako erraustegia

Larreko Mahaiaren adierazpena

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 28a, 14:09

Gaur aurkeztu duten ingurumen larrialdiari aurre egiteko sortu duten Gipuzkoako mahai berriarekin bat egin dute CCOO, LAB, STEILLAS langile sindikatuek, EHNE nekazal sindikatuak, Ikasleen sindikatuak, Greenpeace eta  Eguzki talde ekologistek, Ernai gazte erakundeak, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, Extinction Rebellion-ek edota GuraSOS-ek. Honako adierazpena plazaratu dute:

LARREKO MAHAIAREN ADIERAZPENA
Gaur egun bizi dugun krisi ekologikoarekin eta planetaren zein jendartearen etorkizunarekin kezkatuta gauden Gipuzkoako hainbat eragilek egoerari aterabide bat emateko asmoz gure indarrak batzea erabaki dugu. Plataforma honetan gazte erakundeek, talde ekologistek, sindikatuek, erraustegiaren aurkakoek, parte hartzearen aldekoek, ikasleek eta beste hainbeste eragilek bat egin dugu.

Esan bezala, gizakiok sortu dugun kutsadura mailarekin kezkatuta gaude eta honek planetaren, zein giza espeziearen etorkizunean, izango duen eragin kaltegarriarekin. Izan ere, larrialdi ekologikoa krisi globalago baten baitan gertatzen ari dela ukaezina da, eta beraz, sistema auzitan jarri gabe larrialdi ekologikoari irtenbidea ematea ezinezkoa dela gogorarazi nahi dugu: tenperaturaren igoera, desertifikazioak, suteak, kutsadura, gerrak, gaizki izendatutako “errefuxiatuen krisia”, natur baliabideen agorpena zein bizitza sostengatzeko zaintza lanen krisia, lan eta bizi baldintzen prekarizazioa, desberdinkeria... lurraren muga fisikoen aurrean, merkatuen hazkunde neurrigabea erdigunean jartzen duen sistemaren ondorioak dira. Oso garbi daukagu: Gipuzkoan ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko dituen ereduaren aldaketarantz herritarrak aktibatu eta presioa eragiteko jaio gara. 

Hau guztia dela eta, elkarrekin lan egiteko asmoa hartu dugu gure artean finkatu ditugun helburu batzuk lortu ahal izateko. Garrantzi berezia eman nahi diogu belaunaldi arteko elkarlanari, Gipuzkoan denbora luzez lanean aritu diren kolektiboen eta gazte indarrez sortutako mugimenduen arteko lana sustatuz eta baita eragile sozial eta sindikalen arteko elkarlana sustatuz. Elkarrekin ariko gara lanean helburu komun batzuen aldeko borrokan:

    • Ingurumen larrialdiaren aurrean, herritarron lidergoa sustatu, ingumena eta bizitza erdigunean jarri, interes ekonomikoen gainetik.

    • Mundu mailan sortzen ari den sentsibilizazioa maila lokalera (Gipuzkoara) ekarri, eta erantzun lokala artikulatu.

    • Sistema biozida honi alternatibak proposatu: trantsizio energetikoa, kontsumoa mugatu, hondakinen kudeaketa arrazionala...

    • Sistema honek sortzen duen pobrezia, zapalkuntza, indarkeria, desberdintasun, prekarietate eta hondamendi ekologikoarekin amaitzea. 

Era berean, komunitate zientifikoak aholkatu bezala planetaren tenperatura igoera 1,5ºC azpitik mantentzeko, hona gure ustez berehala eman beharko diren aldaketa zehatzago batzuk: 

    • Kontsumoa murriztu eta ekoizpen eta kontsumo harreman lokalak, justu eta gertukoagoak garatu. Honela, maila kolektiboan eta norbanakoarenean, egungo erabili eta botazeko eredua alde batera utzi eta behar ditugun elikagaiak, erropak, garraio-tresnak... erabili eta berrerabiliaz.

    • Mugikortasunaren birplanteamendua: mugitu “beharra” murriztu, garraiobide kutsakorrenak mugatu, garraio publiko eta kolektiboa sustatu eta merketu.

    • Energia produkzioa eta erabilera aldatu, CO2 sortzen dutenak eta nuklearrak itxiaz, energia berriztagarrien enpresa publikoak sortuz eta lanpostu guztiak horra bideratuz eta alferrikako kontsumoa ezabatuz. Pobrezia energetikoarekin amaitzea.

Euskal Herria lurraren aldeko defentsan ibilbide luze eta ondare aberatseko herria da. 50 urte dira industria kimikoen kutsaduraren aurka altxa eta herritarren ekinez interes ekonomiko eta politikoek planeta hondatzeko izan duten proiektu ezberdinei erresistentzia agertu diegula eta alternatibak plazaratu ditugula. Ibilbide honetan, gure amalurraren defentsan bidelagun izan direnen aldarrikapen guztiek gaur eta hemen, larrialdi ekologikoari erantzuna emateko Gipuzkoatik jartzera goazen ahots bateratu honetan, oihartzuna dute guregan.

Jakinik ere arazoa mundu mailakoa dela, Gipuzkoan momentu honetan larrialdi ekologikoan eragin zuzena duen gai bat daukagu mahai gainean: hondakinen kudeaketa. Gure jarrera argia da: ez dugu onartzen errausketa bidez hondakinen arazoari irteera faltsua ematea. Ezin dugu onartu milaka tona CO2 eta NOx, klima aldaketa sortzaile diren gasak, isuriko dituen instalazio bat. Oso garbi daukagu: erraustegiak klima aldaketa areagotzen du eta gainera gipuzkoarren osasunarentzat mehatxu larria da. Honen alternatiba hondakinen jerarkia zorrotz jarraitzea izan behar du: murriztu, berrerabili, birziklatu eta geratzen den errefus apurrari kaltegarria ez den tratamendua eman.

Gipuzkoan premiazkoa da larrialdi ekologikoaren aurrean gizarte-mugimendua antolatu eta kolektiboan, elkarrekin indarrak batu, mobilizatu eta eragitea, erantzukizun nagusia duten instituzio eta enpresei interpelatuz berehalako trantsizio energetikoa, sozialki justua eta feminista exijitzeko. 

Hau da, azken aldian modan dauden hitz ponpoxoetatik harago joan eta planeta hondamendira daraman bide hau aldatzeko neurri eraginkorrak martxan jartzea exijituko dugu; ez daukagu galtzeko denborarik! Lehen pausu gisa, uste dugu Gipuzkoako agintariek aldaketa klimatikoaren aurka dute konpromezua benetakoa den erakusteko honako neurriak hartu beharko zituztela: Zubietako erraustegia martxan jartzeko plana bertan behera uztea, eta eragile sozialekin elkarrizketa bermatzeko mahai bat sortzea hondakinen arazoari denen artean irtenbide egokiena bilatu ahal izateko.

Gutako bakoitzaren eta erakundeen benetako parte hartzea nahitaezkoa da; bai guretzat, gure seme-alabei, gure bilobei bizitzeko moduko planeta utzi nahi badiegu, alda dezagun egungo ikuspegi egoista larri gabiltza eta jada: garaia da ekoizteko, kontsumitzeko, bizitzeko eta ingurumenarekin eta pertsonekin harremantzeko bestelako eredu bat eraikitzeko. Gipuzkoan martxan gara!