Larreko Mahaiaren lehen eskaera Gipuzkoako agintariei, Zubietako erraustegia geratzea

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 28a, 14:31

Denbora gehiago galdu gabe, hitzetatik ekintzetara igaro beharra dagoela adierazi du gaur jendaurrean Donostian aurkeztu den ingurumen larrialdiari aurre egiteko Larreko Mahaiak. Klima aldaketaren aurkako konpromisoa benetakoa dela erakusteko neurriak hartzea eskatu diete Gipuzkoako agintariei; lehenengoa, Zubietako erraustegia geratzea.

"Gipuzkoan premiazkoa da larrialdi ekologikoaren aurrean gizarte-mugimendua antolatu eta kolektiboan, elkarrekin indarrak batu, mobilizatu eta eragitea, erantzukizun nagusia duten instituzio eta enpresei interpelatuz berehalako trantsizio energetikoa, sozialki justua eta feminista exijitzeko", adierazi dute Larreko Mahaiko kideek, bilgunea aurkezteko goizeko ekitaldian. 

Denbora gehiago galdu gabe hitzetatik neurri eraginkorrak hartzera igarotzea exijitzeko konpromisoa hartu dute, "planeta hondamendira daraman bide hau aldatzeko". Lehen urrats gisa, Gipuzkoako agintariek klima aldaketaren aurka duten konpromisoa benetakoa ote den erakusteko zenbait neurri hartzea eskatu diete. Lehen lehenik, "Zubietako erraustegia martxan jartzeko plana bertan behera uztea, eta eragile sozialekin elkarrizketa bermatzeko mahai bat sortzea hondakinen arazoari denen artean irtenbide egokiena bilatu ahal izateko".

LARREKO MAHAIAREN LAN ILDOAK
• Ingurumen larrialdiaren aurrean, herritarron lidergoa sustatu, ingumena eta bizitza erdigunean jarri, interes ekonomikoen gainetik.

• Mundu mailan sortzen ari den sentsibilizazioa maila lokalera (Gipuzkoara) ekarri, eta erantzun lokala artikulatu.

• Sistema biozida honi alternatibak proposatu: trantsizio energetikoa, kontsumoa mugatu, hondakinen kudeaketa arrazionala...

• Sistema honek sortzen duen pobrezia, zapalkuntza, indarkeria, desberdintasun, prekarietate eta hondamendi ekologikoarekin amaitzea. Era berean, komunitate zientifikoak aholkatu bezala planetaren tenperatura igoera 1,5ºC azpitik mantentzeko, hona gure ustez berehala eman beharko diren aldaketa zehatzago batzuk: 

• Kontsumoa murriztu eta ekoizpen eta kontsumo harreman lokalak, justu eta gertukoagoak garatu. Honela, maila kolektiboan eta norbanakoarenean, egungo erabili eta botazeko eredua alde batera utzi eta behar ditugun elikagaiak, erropak, garraio-tresnak... erabili eta berrerabiliaz.

• Mugikortasunaren birplanteamendua: mugitu “beharra” murriztu, garraiobide kutsakorrenak mugatu, garraio publiko eta kolektiboa sustatu eta merketu.

• Energia produkzioa eta erabilera aldatu, CO2 sortzen dutenak eta nuklearrak itxiaz, energia berriztagarrien enpresa publikoak sortuz eta lanpostu guztiak horra bideratuz eta alferrikako kontsumoa ezabatuz. Pobrezia energetikoarekin amaitzea.