Zubietako erraustegia

Erraustegiaren kutsagaiei buruzko ikerketaren "crowdfunding" kanpainarako diru ekarpenak egiteko azken orduak

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 2a, 13:29

Zubieta Lantzenek erraustegiaren kutsagaiak aztertzeko abian duen ikerlanaren aldeko "crowdfunding" kanpaina amaitzear da. Diru ekarpenak egiteko azken orduak dituzue honako hauek. 13.000 euro biltzeko erronka finkatu zen hasieran baina kontuan izan, kutsagaien ikerlanari batu zaiola baita, ama-esnearen inguruko azterketa. Laguntza gehiago beharko da honenbestez.

Zubieta Lantzenen ikerlanerako asteotan abian izan den crowdfounding bidezko diru bilketa kanpaina amaitzear da. Dagoeneko 13.450 euro jaso dituzte. Baina erronka betetzeko laguntza gehiago beharko da; 13.000 eurora heltzeko erronka finkatua zuten arren, ama-esnearen inguruko ikerlana finantzatzeko laguntza gehiago beharko da. Gogoan izan, emakume talde batek ama-esnea eman duela Holandan ikertua izateko. Bideotatik eman daiteke laguntza:
-Web orria: vkm.is/erraustegiarenkontrola
-Zubieta Lantzen elkartearen kontu zenbakia: ES45 2095 5069 06 1064132086.

13.000 eurotik gora behar
Zubieta Lantzenen ikerlana babestu eta finantzaketan lagunduko zuela iragarri zuen Errausketaren Aurkako Mugimenduak, jada martxan duen "crowdfounding" kanpainaren bidez. Guztion elkartasuna biltzeko ekimena da, "norbanako eta eragileei zuzendua, herritarrok kutsadurari buruzko gure datu zientifikoak gure eskuetan izan ditzagun".

Errausketaren Aurkako Mugimenduaren esanetan, "jasoko dugun diru guztia bi enpresa hauei beren lana ordaintzeko baliatuko dugu. Nazioartetik zientzialariak Euskal Herrira ekarri, laginak hartzeko estantzia ordaindu eta batez ere, gerora beren herrialdean analitika egiteak kostu hau du". 

Diru gehiago jasoko balute, "mugimendu gisa buruan ditugun ekimen batzuk prestatu eta finantzatzeko bideratuko genituzke. Beti ere, erraustegia gelditzea helburu izango duten ekimenak".

Erraustegia pizten badute, ikerketak urtero
Norbanako nahiz eragileek egin ditzaketen diru ekarpenei esker, "sari nagusia gizarteari egingo diogu denon artean, kutsadurari buruzko datuak modu gardenean jakinaraziko baititugu, eta erraustegia pizten badute, urtero-urtero egingo baititugu kutsadura ikerketak. Erraustegiek askatzen dituzten kutsadurak akumulatzaileak dira, hau da, izaki bizidunek jaten badituzte pilatzen joaten direla eta ezin direla kanporatu, horrenbestez, urtez urte kutsadura igotzen nola joango den ikusiko dugu". 

Horrekin batera, etxeko leiho nahiz balkoietan banderolak opari jasoko dira, "baita, ikerketa independentearen babesle gisa agertzeko aukera eman ere".

Ariketa hau, "autodefentsa neurri" gisa definitzen du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. " Lagundu crowdfounding kanpaina babesten!", deitu dute.

Urtea amaitzerako Gipuzkoako Foru Aldundiak piztu nahi duen erraustegiaren kutsagaien inguruko kontrol independentea egingo zuela iragarri zuen Zubieta Lantzenek hilabete hasieran. Erraustegia laster martxan jarri dezaketenez, aurretik laginak hartu nahi zituzten, gerora behin aipatu planta martxan jarrita, alderaketak egiteko. 

Egitasmo honetarako gogoan izan, Holandako Toxicowatch fundazioa eta Eusko Jaurlaritzak akreditaturiko Euskal Herriko enpresa bat kontratatu ditu Zubieta Lantzenek. Holandatik bi zientzialari izan ziren duela bi aste gure artean laginak hartzen. Lehenbizi Zubietako oilategi batean, "arrautzak, oiloek jaten duten pentsua, belarra, lurra eta inguruko goroldioa kutsadura aztertzeko". Baina "Zubieta herrian, Añorgan, Donostian, Usurbilen, Lasarten, Urnietan, Hernanin, Andoainen eta Zubietan, Realak entrenatzen duen lekutik eta ondoan dagoen Landaberri ikastolatik hurbil" ere laginak hartzekoak zituzten.

Datuokin txostena osatu eta hilabete gutxi barru emaitzak ezagutzera emango dituzte. Emaitzok erraustegia piztu aurreko egoera erakutsiko dute. 

Informazio gehiago:

https://www.verkami.com/locale/eu/projects/24685-erraustegiaren-kutsadura-kontrol-independentea
erraustuez.org
Albiste honi atxikitako Errausketaren Aurkako Mugimenduaren bideoa.