Zubietako erraustegia

Zubieta Lantzen: "Erraustegia geldirik dago eta oraindik ez da hasi lanean"

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 6a, 10:59

Egunotan kea darion tximinia ez dela erraustegiarena, Tratamendu Mekaniko Biologikoaren plantako tximinia dela argitu nahi du Zubieta Lantzenek. "Erraustegia geldirik dago eta oraindik ez da hasi lanean", ohartarazi dute aipatu elkartetik.

Ebakia eta zauritua dagoen Zubietako mendi gainean itxuraz ezkutatu samar egon arren, Usurbil aldetik begi bistakoa da azken egunotan errausketaren zero guneari darion kea. Eta kea egon baldin badago, mugimendua badabilen seinale. Zubieta Lantzenetik ohartarazi dutenez ordea, kea darion tximinia ez da erraustegiarena, Tratamendu Mekaniko Biologikorako plantaren tximiniarena baizik. "Erraustegia geldirik dago eta oraindik ez da hasi lanean", ohartarazi dute aipatu elkartetik.

Ez da errausketaren zero gunea kea dariola ikusi dugun lehen aldia. Abuztuaren 10ean ikusi genuen lehenengoz, baina irailean eta urrian ere zenbait uneetan herritarrek ateratako argazkiek ere errealitate bera islatu izan dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenak betetzen ari badira, asteotan jada probaldi fase betean behar luke Zubietako erraustegiak. Eta abendurako ofizialki martxan. Beste kontu bat da, aurreikusitako egutegi hori benetan betetzen ari ote den. 

Joan den astean Berria egunkariak zekarrenez, ekainean errausketaren zero guneko lanetan izandako leherketa baten ondorioz transformagailu nagusia hondatu eta lau hilabetez, urrira arte ez omen dute lortu erraustegia energizatzea. Egunkari berak baieztatzen zuenez, "azaroa ate joka dago, eta oraindik ez dira hasi hondakinak erretzen erraustegian, ezta proba fasean ere. Horrekin hasten direnetik martxan jartzen den arte hainbat hilabete behar izango dituzte, eta, arazorik izanez gero, proba prozesu hori dezente luza liteke".

Hondakinak tratatzeko Bizkaiarekin hitzarmen luzaketa 2020ra arte
Zubietako erraustegiko eraikitze lanetan izandako atzerapenen eraginez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak herrialde honetako hondakinak tratatzeko Bizkaiarekin duen hitzarmena luzatzea erabaki zuen urrian aipatu erakundeko asanbladak. Modu honetan, Zubietako azpiegiturek probaldi fasea igaro eta martxan jarri arte, Gipuzkoak hondakinen ehuneko ehuna tratatua izango duela bermatu nahi dute.

Asanblada berak gainera, Zubieta gaineko azpiegituren bigarren faseko lanak hiru hilabetez luzatzea onetsi zuen. "Luzapen horren arrazoiak dira, alde batetik, desegokien eduki ertain eta goreneko parametroak aldatzea, biometanizazio plantaren igeniaritza hobekuntzak medio. Horrela, aurreikusitako %5etik %10era igarotzea ziurtatuko da eta baita energia sortzeko gaitasuna ere", GHK-k web orrialde bidez ohartarazi duenez. 

Azpeitiko Lapatxeko konpostatze planta ere ixtea onartu zuen GHK-k. Lapatxeko planta itxi arren, Kontsortzioarentzat Gipuzkoak aski izango du, urtean 10.000 tona biohondakin tratatzeko gaitasuna duen Epeleko plantarekin eta urtean 40.000 tona biohondakin tratatzeko gaitasuna izango duen Zubietan eraikitako biometanizazio plantarekin.