Zubietako erraustegia

9 tona hondakin erre dituzte Zubietako erraustegiaren probaldi fasearen hasiera honetan

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 4a, 12:03

Urtean 200.000 tona lehengai erretzeko gaitasuna izango duen Zubietako erraustegia martxan da probaldi fasean. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aditzera eman duenez, probaldi fase honen hasieran 9 tona erraustu dituzte jada.

9 tona lehengai erretzea askotxo iruditzen zaionari, kontuan izan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak zabaldutako datu hauei. "Instalazioa guztiz erabilgarri dagoenean, bere bi labeetako bakoitzean 12,5 tona orduko errausteko gaitasuna izango du, edo, bestela esanda, urteko 100.000 tona bi lineetako bakoitzean", zehaztu du GHK-k.

Probaldi faseari ekin aurretik, "hilabete baino gehixeagoz, instalazio horiei azterketa sakona egin zaie, "hotzean", instalatutako osagai guztiek, haien elikadura-sistemek eta komunikazioek behar bezala funtzionatzen zutela egiaztatzeko", GHK-ren esanetan.

Hurrengo hiruhilekoan guztiz martxan egon liteke
Erraustegia baino lehen, tratamendu mekaniko-biologikoko planta eta biometanizazio planta ere probaldi fasean martxan jarri zituzten. "Hauek, beren probetan, gaitasunaren % 80an funtzionatzen dute jada. Errausketa zepak tratatzeko plantaren kasuan, lehenengo proba operatiboak Zabalgarbitik ekarritako zepekin egin ziren, eta instalatutako makineriak ondo funtzionatzen zuela egiaztatu ondoren, zain geratu da" GHK-ren esanetan, erraustegia era jarraituan funtzionatzen hasi eta planta honek sortutako zepen zain. "160.000 MW/h lortuko dira, 45.000 etxeren energia beharrak hornitzeko adina" energia sortuko omen du erraustegiak.

Gogoan izan, probaldi fasean da Zubietako erraustegia azaroaren 28az geroztik. Ehuneko ehunean martxan izatea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020ko lehen hiruhilekoan. Honenbestez beranduenez, datorren martxorako.