Zubietako erraustegia

100 dezibeletarainoko zarata eta ur-lurruna isurtzekoa da egunotan erraustegia

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 9a, 11:01
Azaroa amaieran atera genuen argazkia.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak jakinarazi duenez 100 dezibeletarainoko zarata eta ur lurruna isuriko ditu erraustegiak egunotan, ur lurrun-zirkuituko proben eraginez.

Ur lurrun-zirkuituko frogak egingo dituzte egunotan Zubietako erraustegian, zirkuitu hau garbitu eta martxan jartzeko prest uzteko. Ur-lurruna isuriko du erraustegiak, zirkuitua turbinara ez delako lotua egongo probaldi fase honetan. Zirkuitu honen zeregina honakoa da; hondakinak erretzeak sortutako berotasuna baliatu, ura ur-lurrunean bilakatu, sorgailuaren turbina mugiarazi eta argindarra sortzeko.

Zarata gehien, 11:00-13:00 artean
Martxan jarri aurretik hain zuzen, putz egin behar omen da zirkuitu honetan eta horrek inguruan entzun ahalko den zarata eragingo du. 100 dezibeletara heldu daitekeen zarata. 7:00-16:00 artean egingo dira probak, baina zarata gehien (100 dezibeletara heldu daiteke soinua) 11:00-13:00 aldera entzungo omen da. 

Azaroaren 28az geroztik probaldi fasean egon eta jada 9 tona hondakin erre dituen erraustegia otsaila edo martxorako ehuneko ehunean prest egotea aurreikusten du Foru Aldundiak.

Ez ahaztu, udalbatzaren azken osoko bilkuran onartutako mozioaren harira, xingola beltz handi bat zintzilikatu du Udalak udaletxeko balkoian eta manifestazioa deitu du abenduaren 13rako 19:00etan udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazatik. Herritarrak mobilizazioan parte hartzera deitzen ditu Udalak, etxeko balkoi eta leihoetan xingola beltzak zintzilikatzera gonbidatzearekin batera.

UR LURRUN-ZIRKUITUKO PROBALDIA
Ordutegia: 7:00-16:00 (zarata maila handiena, 11:00-13:00 artean).

DATOZEN DEIALDIAK
Usurbilgo Udalak deituta:
-Erraustegiaren aurkako xingola beltzak jartzeko deialdia etxeko leiho eta balkoietan.
-Erraustegiaren aurkako manifestazioa abenduaren 13an 19:00etan udaletxetik.