Zubieta Lantzen, gaurko manifestazioarekin bat eginik: "Zatoz jarduera bidegabe hau salatzera!"

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 13a, 09:37

Erraustegiaren kutsaduren kontrol independentea abiatzeko 26.384 euro bildu ditu Zubieta Lantzen elkarteak auzolanean. Eskerrak luzatu nahi dizkiete, elkartasun ekimen honetan parte hartu duten guztiei. Usurbilgo Udalak ostiralerako (abenduak 13) 19:00etan udaletxetik deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu dute. "Zatoz jarduera bidegabe hau salatzera!", adierazi dute NOAUA!ra helarazitako adierazpenean.

"Lortu dugu biltzea erraustegiaren kutsaduren kontrol independentea martxan jartzeko behar zen dirua", berri eman du Zubieta Lantzen elkarteak. "Crowfunding" kanpainaren bidez, nahiz bestelako bideetatik guztira 26.384 euro bildu dituzte. Hasieran finkatu zuten 13.000 euro biltzeko erronka bikoiztera heldu dira, herritar, eragile nahiz erakundeen laguntzaz. "Gure esker ona zuei, zuen diru-laguntzarekin bilketan parte hartu duzuen herritarroi, baita beren laguntza eman duten udal, alderdi, sindikatu eta beste elkarteei".

Jasotako dirua, "fase honetako gastuak ordaintzeko erabiliko da, eta gelditzen dena hurrengo faseetarako gordeko da. Izan ere gogoan hartu behar da diru-bilketa hau kontrolaren abiapuntua besterik ez dela izan". "Zero puntua" markatu dute udazkenean zehar, oilategietan bildu dituzten laginekin. Gogoan izan baita, Usurbil, Lasarte eta Andoaingo 30 emakumek bularreko esnea eman dutela baita ikertua izateko. "Orain, jasotako informazioarekin, "zero puntua" markatuko dute ikerlariek, eta etorkizuneko kontrolekin jakingo dugu egoeraren bilakaera zernolakoa den". 

Ostiraleko manifestazioari atxikimendua
Zubieta Lantzen elkarteak bat egin du ostiral arratsalderako (abenduak 13) 19:00etan udaletxeko plazatik abiatuta "SOS Usurbil, erraustegia gelditu" aldarripean Usurbilgo Udalak antolatu duen manifestazioarekin. Erraustegia probaldi fasean sartu berritan egingo da Gipuzkoa osoa parte hartzera deitu den mobilizazioa. Zubieta Lantzenek gogorarazi duenez, Gipuzkoako agintariek eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) " ez dituzte kontuan artu herritarrek behin eta berriro adierazitako nahiak, ez dute kontuan hartu badagoela alternatiba, badagoela errausketa gabe hondakinak ongi kudeatzea, Europan eta munduan leku askotan erakusten duten bezala eta Gipuzkoan bertan udalerri askotan egunero erakusten dugun bezala". 

Erraustegiaren kalteez ohartarazten dute, gure osasun, ekonomia eta ingurumenarentzat. Horregatik deitzen dituzte herritarrak, "etorriko diren deialdi eta ekimen berrietan parte hartzera". Lehen hitzordua, ostiralean 19:00etan Usurbilgo udaletxe atarian.

ZUBIETA LANTZEN ADIERAZPENA
Mila esker erraustegiaren kutsaduren kontrol independentea abiatzen lagundu duzuen guztioi!
Lortu dugu biltzea erraustegiaren kutsaduren kontrol independentea martxan jartzeko behar zen dirua. Online crowdfundingetik nahiz bestelako diru-jasoketetatik 26.384 euro bildu ditugu orotara (azaroaren 9ko datua, Errausketaren Aurkako Mugimenduaren (EAM) azken batzarraren egunekoa, alegia). Poz handia dugu, gipuzkoarren bultzada horrek indar berriak ematen baitizkigu aurrera egiteko EAMen ari garenoi. Gure esker ona zuei, zuen diru-laguntzarekin bilketan parte hartu duzuen herritarroi, baita beren laguntza eman duten udal, alderdi, sindikatu eta beste elkarteei.

Zubieta Lantzenek abiatutako ikerlana ordaindu ahal izateko gure buruei markatutako kopuruak gainditu ditugu. Gainera, ikerlariek iradoki moduan, bestelako azterketak ere bideratu dira: esate baterako, erraustegiaren inguruko emakumeen bularreko esnearen jarraipena (Usurbilgo, Lasarte-Oriako eta Andoaingo 39 emakumek eskuzabaltasunez eskaini dituzte beren laginak). Bildutako dirua fase honetako gastuak ordaintzeko erabiliko da, eta gelditzen dena hurrengo faseetarako gordeko da. Izan ere, gogoan hartu behar da diru-bilketa hau kontrolaren abiapuntua besterik ez dela izan: orain, jasotako informazioarekin, “zero puntua” markatuko dute ikerlariek, eta etorkizuneko kontrolekin jakingo dugu egoeraren bilakaera zernolakoa den.

Tamalez, Gipuzkoako agintari nagusiek eta GHK-k kontratua emandako konpainiek aurrera jarraitzen dute Zubietako erraustegia martxan jarri nahian. Duela gutxi piztu zuten erraustegia probaldi fasean. Hala, ez dituzte kontuan hartu herritarrek behin eta berriro adierazitako nahiak, ez dute kontuan hartu badagoela alternatiba, badagoela errausketa gabe hondakinak ongi kudeatzea, Europan eta munduan leku askotan erakusten duten bezala eta Gipuzkoan bertan udalerri askotan egunero erakusten dugun bezala.

Guk jakin badakigu hondakinak erraustea txarra dela. Txarra osasunarentzako, zientzialariek eta medikuek behin eta berriro erakutsi dute. Txarra da gure ekonomiarentzako: baliabide eta diru xahuketa handia da. Errausteak kalte handia egiten dio ingurumenari, biodibertsitateari, klimari. Erraustean oinarritutako hondakin sistema txarra da langileentzat eta enpleguarentzat, askoz alternatiba hobeak badira.

Horregatik guztiagatik, EAMek Gipuzkoako herritar guztioi dei egiten dizue etorriko diren deialdi eta ekimen berrietan parte hartzera. Lehenengo hitzordua Usurbilen bertan dugu abenduaren 13an, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan, udalak deitutako manifestazioan. Zatoz jarduera bidegabe hau salatzera!

Errausketarik ez. Ez Zubietan, ez inon.

ZUBIETA LANTZEN