Zubietako erraustegia

Erraustegia abian jartzea eragozteko ekimen juridikoa aurkeztuko du GuraSOSek asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 27a, 13:08

Urtarrilaren 10ean sare sozialen bidez egin zuen iragarpenari data jarri dio GuraSOSek: asteazken honetan bertan (urtarrilaren 29an) Zubietako erraustegia martxan jartzea eragozteko ekimen juridikoa aurkeztuko dute.

"Albiste garrantzitsuak datoz" iragarri zuen GuraSOSek urtarrilaren 10ean sare sozialen bidez. Zubietako erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginagatik kezkatutako bilgunetik aditzera eman zuten, ez dutela erraza izango erraustegia martxan jartzea. Adi egoteko deia zabaldu zuten.  

Asteburu honetan zehaztasun gehiago eskaini dituzte bide beretik, sare sozialetan. Zubietako erraustegia martxan jartzea eragozteko ekimen juridiko berri bat aurkeztuko duela plazaratu du GuraSOSek. Aurkezpenari ere eguna jarri dio; asteazken honetan izango da, urtarrilaren 29an.

"Urtarrilaren 29an erraustegia martxan ez jartzeko abian jarri dugun lehen ekimen juridikoaren berri emango dugu. Gezur handietan harrapatu ditugu...", ohartarazi du GuraSOSek. 

Martxoaren 3an piztu nahi dute
Azaroaren 28az geroztik noiznahi kea dariola ikusi dezakegu Zubietako erraustegia. Probaldi fasean dute; piztu, ofizialki, martxoaren 3an piztu nahi dute. 

GHK-k abenduaren 16an eginiko batzarrean erraustegia ehuneko ehunean martxan egotetik hurbilago kokatzen gaituen beste erabaki bat hartu zuen. Erraustegia ofizialki pizteko data finkatu baitzuten; martxoaren 3a. Egun horretarako Zubieta gaineko azpiegitura guztiak funtzionamendu betean nahi ditu GHK-k. Aurreikusia zutena baino beranduago izango da. Izatez abendurako behar zuten lan betean. Azken bileran ordea, lehen faseko lanak martxan jartzeko epea luzatzea onartu zuten EAJ eta PSE nagusi dituen kontsortzioko kideek.

"Erabakia hartu aurretik, informazio espediente bat ireki du GHK-k, atzerapen horren arrazoiak, Ekondakin emakidadunak alegatu dituenak, aztertzeko. Eskatutako txosten teknikoak aztertu ondoren, egiaztatu da 2017ko azarotik 2018ko uztailera bitartean izandako baldintza metereologikoek bost hilabeteko atzerapen justifikatua eragin zutela; atzerapen hori, beraz, emakidadunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik gertatu da. Onartutako luzapenarekin, GIG martxoaren 3rako martxan izateko konpromisoa hartu du emakidadunak", GHK-ren esanetan.