Zubietako erraustegia

"Kontuz, ama naiz!" aldarripean, erraustegia piztea eragozteko ekimena aurkeztuko du gaur GuraSOSek

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 29a, 07:36
GuraSOSen kanpaina berriaren irudia. Ama talde bat haurrak besoetan Kalezarko zelaian, atzean erraustegia kea dariola dutela.

Urtarrilaren 10ean sare sozialen bidez egin zuen iragarpenari data jarri dio GuraSOSek: asteazken honetan bertan (urtarrilaren 29an) Zubietako erraustegia martxan jartzea eragozteko ekimen juridikoa aurkeztuko dute.

Ama talde bat haurrak besoetan dituztela, besoa altxara borrokarako prest, Kalezarko zelaian, atzean kea darion Zubietako erraustegia dutela. Mezu argia dute guztiontzat. "Kontuz, ama naiz! Ez dugu martxan jartzen utziko!" diote. Hortxe GuraSOSek asteazken honetan (urtarrilak 29) jendaurrean aurkeztuko duen ekimen berriaren karteleko irudi eta leloa.

Xehetasunak, gaur goizeko 10:30etarako Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean iragarri duten agerraldian emango ditu ezagutzera, Zubietako erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginagatik kezkaturiko guraso taldeak.

Erraustegia martxan jartzea eragozteko ekimen juridikoa
"Albiste garrantzitsuak datoz" iragarri zuen GuraSOSek urtarrilaren 10ean sare sozialen bidez. Zubietako erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginagatik kezkatutako bilgunetik aditzera eman zuten, ez dutela erraza izango erraustegia martxan jartzea. Adi egoteko deia zabaldu zuten.  

Iragan asteburuan zehaztasun gehiago eskaini dituzte bide beretik, sare sozialetan. Zubietako erraustegia martxan jartzea eragozteko ekimen juridiko berri bat aurkeztuko duela plazaratu du GuraSOSek. Aurkezpenari ere eguna jarri dio; asteazken honetan izango da, urtarrilaren 29an.

"Urtarrilaren 29an erraustegia martxan ez jartzeko abian jarri dugun lehen ekimen juridikoaren berri emango dugu. Gezur handietan harrapatu ditugu...", ohartarazi du GuraSOSek.