Zubietako erraustegia

Zubietako erraustegia ke zutabeez inguratua

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 5a, 12:56

Asteazken goiz honetako (otsailak 5) Zubietako erraustegiko irudiak dituzue. Erraustegia ofizialki piztetik gertuago kokatu gaitzaketen irudiak. Errauskailua ke zutabeez inguratua ageri da.

"Ofizialki" probaldi fasean dute azaroa amaieraz geroztik Zubietako erraustegia. Noiznahi ikusi dezakegu aipatu planta ke zutabeez inguratua. Asteazken goiz honetan, otsailaren 5ean bezala. Lanbro artean esnatu zaigu eguna, baina Kalezar aldetik begi bistakoak ziren errausketaren zero guneko ke zutabeak. 

Atzerako kontaketa betean egon gaitezkeela gogorarazten diguten irudiak dira honako hauek. Azken hilabeteotan "ohikoak" bilakatzen ari direnak. Gogoan izan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) urte amaieran erraustegia ehuneko ehunean martxan jarri dezakeen pizte eguna iragarri zuela.

Abenduaren 16an Kontsortzioak egin zuen asanbladan lanen luzatzea onartu zuten. Luzapen honen berri ematerakoan, erraustegia martxan jartzeko balizko eguna plazaratu zuten. Hala jakinarazi zuen asanblada haren kronika azaltzerakoan, ghk.eus web atariak. 

"Erabakia hartu aurretik, informazio espediente bat ireki du GHK-k, atzerapen horren arrazoiak, Ekondakin emakidadunak alegatu dituenak, aztertzeko. Eskatutako txosten teknikoak aztertu ondoren, egiaztatu da 2017ko azarotik 2018ko uztailera bitartean izandako baldintza metereologikoek bost hilabeteko atzerapen justifikatua eragin zutela; atzerapen hori, beraz, emakidadunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik gertatu da. Onartutako luzapenarekin, GIG martxoaren 3rako martxan izateko konpromisoa hartu du emakidadunak", GHK-ren esanetan.

Asanblada haren kronika osoa, ghk.eus atarian irakur dezakezue.