Zubietako erraustegia

Ekimen judizial eta administratiboak iragarri ditu GuraSOSek

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 6a, 14:41

Erraustegia eraiki eta martxan jartzeko kontratuari lotutako arau hausteak agerian uztearekin batera, ekimen ezberdinak iragarri ditu GuraSOSek gaur goizean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duen agerraldian.

Ekimen judizial eta administratiboak. Iragan asteko Ingurumen Baimenaren iraungitzeari lotutakoarekin batera, errekurtso bat aurkeztu du Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegien aurrean, abenduaren 16ko GHK-ren asanbladan eraikitze lanak martxoaren 3ra arte luzatzeko hartutako erabakiaren aurka. "Bigarrena, GHKri egindako eskari bat da, kontzesiodunari kontratuak aurreikusitako kontratu-penalizazioak ezartzeko, hain justu obrak abian jarri eta amaitzeko epeak ez betetzeagatik, eta halaber, transformadorea Gobernuko Industria Sailaren baimenik gabe eraiki eta abian jarri izanagatik". Eskaria gaur bertan erregistratu du GuraSOSek, "abenduaren 16ko akordioak interes publikoarekiko duen kaltegarritasuna adieraz dezan".

Horrez gain, otsailaren 11n GuraSOSek eskatutako Ingurumen Baimenaren iraungitze eta baliogabetze adierazpenari lotutako errekurtsoaz EAEko Auzitegi Nagusiaren deliberazioa eta epaia jasotzea espero dute.

Onartuz gero, kontratuaren hutsaltzea
Ohartarazpen argia egin du GuraSOSek goizean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duen agerraldian. "Ekimen judizial horiek baietsiz gero, ondorio gisa kontratua hutsaltzea ekarriko luke, hain zuzen kontzesiodunari egotz dakiokeen kontratuaren funtsezko baldintzak ez betetze larriagatik, eta diru-kutxa publikorako diru-sarrera, kontzesiodunak ordaindu behar duena". 

Horrekin batera, GuraSOSen eskariz, Gasteizko Eusko Legebiltzarreko EHBilduk eta Elkarrekin Podemosek GuraSOSen eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburu Iñaki Arriolaren agerraldi eskaera bana erregistratu zutela asteazkenean berri eman du GuraSOSek, "gizarte erakundeak Ingurumen Baimenaren eta haren iraungitzearen gainean dauden irregulartasunei buruz jarritako salaketari loturik". Eta helburu argi batekin, "talde politikoek gobernu autonomikoa kontrolatzeko duten agindua betetzearren".