Zubietako erraustegia

Erraustegiaren aurkako mendi martxa larunbatean eta ekimen gehiago asteotan

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 7a, 16:37

Martxoaren 3an piztu dezakete ofizialki jada probaldi fasean eta noiznahi kea dariola ikus dezakegun Zubietako erraustegia. Asteotarako ekimen anitz antolatu dituzte Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak, Ernai gazte antolakundeak, Larreko Mahaiak... Lerrootan bildu dugu erraustegia geratzeko asteotarako osatu duten hitzorduen agenda. Lehen ekitaldia, Aztarrikak larunbat goizerako antolatu duen mendi martxa.

Larunbat goizeko 9:00etan (otsailak 8) finkatu dute biltzeko hitzordua Mikel Laboa plazan. Mendi buelta honekin erraustegia gertutik ikusteko aukera izango da. Aztarrika Gazte Asanbladak antolatu du mendi martxa hau, baita asteotarako ekimen gehiago ere; erraustegiak ezkutatzen duenari buruzko hitzaldia edota otsailaren 22ko Inauteri Festa egunez, karroza berezi batekin kalejira eta amaieran "performance" ekitaldia.

Ernai gazte antolakundeak bestalde, mobilizatzera deitu ditu ikasleak eta gazteak otsailaren 27rako; ostegun honetan berri eman duten moduan, ikasleen mobilizazioa deitu dute eguerdirako Donostian eta iluntzerako gazteena Lasarte-Orian. 

Larreko Mahaiak biltzen dituen eragile sindikal, ekologista eta sozial anitzek bestalde, Zubietako erraustegia geratzeko manifestazioa deitu dute otsailaren 29rako Donostian. 

Tarte horretan, ez ahaztu GuraSOSek ere zenbati ekimen judizial eta administratibo martxan dituela eta horien berri gehiago izan dezakegula asteotan; hilaren 11rako espero dute, Ingurumen Baimen bateratuaren iraungitze eta baliogabetze adierazpenari lotutako errekurtsoaren epaia. Eusko Legebiltzarrean ere  elkartearen beraren eta Ingurumen Sailburu Iñaki Arriolaren agerraldi bana eskatua dute.


ERRAUSTEGIA GERATZEKO AGENDA
Otsailak 8, larunbata
9:30 Mendi martxa Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Antolatzailea: Aztarrika Gazte Asanblada.

Otsailak 11, asteartea
GuraSOSek eskatutako Ingurumen Baimenaren iraungitze eta baliogabetze adierazpenari lotutako errekurtsoaz EAEko Auzitegi Nagusiaren deliberazioa eta epaia jasotzea espero dute.

Otsailak 13, osteguna
20:00 Olaia Inziarte bakarlaria Mikel Laboa plazan.
Antolatzailea: Aztarrika Gazte Asanblada.

Otsailak 15, larunbata
11:00 Hitzaldia Sutegin: "Zer du erraustegiak ezkutuan?".
Antolatzailea: Aztarrika Gazte Asanblada.

Otsailak 22, larunbata
18:00 Inauteri Festako karrozari segika, gazteok Aztarrika! Dj ibiltaria Aztarrikaren karrozarekin, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
20:00 Aztarrikaren eskutik performanzea frontoian.
Antolatzailea: Aztarrika Gazte Asanblada.

Otsailak 27, osteguna
12:00 Ikasleen mobilizazioa Donostiako Gipuzkoa plazatik.
19:00 Gazte mobilizazioa Lasarte-Oriako Okendo plazatik.
Deitzailea: Ernai gazte antolakundea.

Otsailak 29, larunbata
17:00 "Osasuna, ekonomia eta klimagatik, ez erre etorkizuna!" aldarripean, erraustegia geratzeko manifestazioa Donostiako Easo plazatik.
Deitzailea: Larreko Mahaia.

Martxoak 3, asteartea
Erraustegia "ofizialki" piztu dezaketen balizko eguna.