Zubietako erraustegia

Zubietako erraustegira bisita ofiziala egitea onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 7a, 16:24

Ostiral goiz honetako Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Batzordean aurkeztu du Elkarrekin Podemosek eskaera, azpiegitura honen egoera bertatik bertara ezagutu ahal izateko. 

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Zubietako erraustegia bisita ofiziala egitea erabaki dute ostiral goiz honetan bildu den Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Batzordean. Eskaera Elkarrekin Podemos alderdiak aurkeztu du. Hala dio: "Eskaera, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Batzordeko lehendakaritzari zuzendua, bisita ofizial bat antolatu dezan Gipuzkoako Ingurumen Gunearen instalazio guztietara, zeina Zubietako erraustegi bezala ere ezagutzen den".

Eskaera horren zergatiak azalduak ditu aipatu alderdiak. "Gipuzkoako Ingurumen Gunea Eskuzaitzeta poligonoan kokatzen da, Zubieta inguruan, eta proiektua hasi zenetik bukatu duten arte eztabaida, aurkaritza eta kezka sortu ditu, Gipuzkoako herritarren zati baten artean. Zentroaren egitura gehienak martxan jarri dituzte, horien artean zepak balorizatzeko planta bukatuta dago, bai eta gunea osatzen duten gainerako egiturak ere, eta horregatik uste dugu oso interesgarria dela batzordeko kideak, gehi interesa duten batzarkideak, zuzenean ezagutzea Gipuzkoako Ingurumen Gunearen instalazio guztiak eta bakoitza".

Batzordean bertan, Elkarrekin Podemoseko ordezkari Maria Valientek zioenez, ingurumenerako oso garrantzitsutzat jo duen proiektu honen berri prentsaren bidez jasotzen dutela zioen; "nola luzatzen ari den proiektua. Badakigu bukatu gabe dagoela. Beti prentsaren bidez informatu ordez, proiektua une honetan nola dagoen ondo jakiteko iruditzen zaigu bisita bat egitea eta azalpena jasotzea interesgarria dela denontzat".

EHBildu: "Gu kritikoak gara bertaratzearekin informazio zuzena izango ote dugun"
Proposamenaren alde bozkatu dute batzorde horretan ordezkaritza duten Elkarrekin Podemos, EAJ eta PSEko 8 batzarkideek. EHBilduko 4 ordezkariak abstenitu egin dira. Abstentzioaren zergatia azaldu du Ainhoa Intxaurrandietak. Elkarrekin Podemosek eginiko eskaera bideratzearen alde agertu da, bisita gauzatzearen alde alegia, "baina gu kritikoak gara bertaratzearekin informazio zuzena izango ote dugun".

Intxaurrandietaren esanetan, "guk bertaratzeak ez digu egoera konkretuaren berri zehatza emango. Gu azkenean ez gara teknikariak. Badakigu bisita hauen aurretik nola prestatzen diren instalazioak. Guk han ikusiko duguna ez da izango errealitatearen isla zehatza edo konkretua".

Bat egin du Elkarrekin Podemosek adierazitakoarekin, alegia, Zubietako azpiegituraren garapenaren berri hedabideen bidez jasotzen ari direla. "Ez luke hala izan behar, baina gu bertaratzearekin ez dut uste edukiko dugunik benetazko irudia edo zein den benetazko azpiegitura horren egoera. Iruditzen zait txosten teknikoak eduki beharko genituzkeela eskura, eduki beharko genukeela kontratua bere osotasunean eta hori da izaten ari ez garena".