Zubietako erraustegia

Erraustegiaren ingurumen baimena aztertu zuen CSICek jakinarazi du, dioxina eta furano maila handia dutela Zaldibarko zabortegiaren inguruetan

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 15a, 09:29
GuraSOSek CSIC-en azterlanaren emaitzak aurkeztu zitueneko argazkia.

Haserrearekin batera kezka handia eragiten ari da azken egunetan Zaldibarko zabortegiak eragindako hondamendia. Bart Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak zabortegi inguruko herrietako etxebizitzak ez aireztatzea eta kanpoan kirol jarduerarik ez egitea aholkatu zuen, CSIC-ek ( "Consejo Superior de Investigaciones Científicas") aztertutako laginen emaitza kezkagarriak jaso ostean. CSIC-ek Zubietako erraustegia ere ikertua du. Duela bi urte ohartarazi zuenez, Zubietako erraustegiari emandako Ingurumen Baimen Bateratuak ez du herritarron osasuna bermatzen.

Zaldibarko zabortegiaren eta Zubietako erraustegiaren artean lotune bat baino gehiago aurki ditzakegu egunotan. Azkena, bart gauean ezagutzera eman zutena. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Zaldibarko zabortegia inguratzen duten udalerriei ohartarazpen kezkagarriak egin zizkien. Eibarren, Ermuan eta Zaldibarren zenbait "prebentzio-neurri" hartzea aholkatu zieten; batetik, "etxebizitzak ez aireztatzea eta leihoak ahalik eta denbora gehienean itxita edukitzea gomendatzen da. Bereziki gauez". Bestetik, "ahal den neurrian, aire zabalean kirol-jarduerarik ez egitea gomendatzen da, beste abisu bat eman arte".

Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gertatu zenetik, ugariak izan dira kudeaketaren ikuspuntutik izan diren gabezien salaketak; tartean, informazio eta gardentasun falta egotzi izan zaie hondamendia bera kudeatzeko ardura dutenei. Azken egunotan, airearen kalitatearen inguruko informazioa helarazten hasi direnean heldu zen bart Osasun Sailak egindako agerraldi kezkagarria, aipatu gomendio hauekin. Aholkuok CSICek aztertutako laginen emaitzetan oinarrituta plazaratu zituzten Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak, Juan Jose Aurrekoetxea Osasun Publikoko zuzendariak eta Saileko Osasun Publikoko teknikariek. 

Dioxina eta furano maila altua
Laginok CSIC-ek, "Consejo Superior de Investigaciones Científicas" izenekoak aztertu ditu. Ondorio argira heldu da; "CSICek gaur jasotako emaitzen arabera, gainerako substantziak ohiko parametroetan mantentzen dira, baina airean dioxinen eta furanoen maila handia da". Gogoan izan, hondamendia gertatu eta gutxira, oraindik argitzeke dauden suteak piztu ziren zabortegian bertan eta azken astebetean, etengabe arnastu behar izan dute inguruetan suteon kea. Emaitza hauen aurrean, Osasun Sailaren esanetan, "zuhurtasun-printzipioa aplikatuz" plazaratu dituzte aipatu aholkuak. "Konposatu kimiko horiek ez dute berehalako eraginik osasunean, baina zuhurtziazko neurri horiek hartzea gomendatzen dute", adierazi du Osasun Sailak.

Zaldibarko zabortegiak Zubietako erraustegiarekin duen beste lotune bat dugu honakoa, CSIC-ek berak erraustegiaren inguruko azterlana ere egin baitzuen. GuraSOSek abiaturiko Hitzartu prozesuaren testuinguruan plazaratu zituen emaitza nagusiak duela bi urte. Ondorio kezkagarriekin, 2018ko martxoa hasieran jaso genuenez:

_____________________________________________________________________________________________
2018/03/05
Zubietako erraustegiari emandako Ingurumen Baimen Bateratuak ez du herritarron osasuna bermatzen
2018ko martxoa hasieran jaso genuenez, une hartan Zubietan eraikitzen ari ziren plantako "errausketa prozesuek herritarren osasunarentzat kaltegarriak izango diren substantzia toxikoak eragingo dituzten eta isurketa hauetarako emisio mailak finkatu diren edo ez frogatzea" zen azterlan haren helburu nagusia. CSIC-eko bi zientzialarik, Eduard Rodriguez Farré doktoreak (Bartzelonako Biomedikuntzako Ikerketetako Institutuko irakaslea, CSIC-IDIBAPS eta ISCIII-ko Epidemiologia eta Osasun Publikoko CIBEReko kidea, eta Europar Batasuneko osasun arrisku berrien Batzorde Zientifikoko kide ohia) eta Fernando Palacios doktoreak (CSIC-eko ikertzaile titularra / MNCN - Biodibertsitate eta Biologia ebolutiboko saila) landu eta plazaratu zuten txosten perizial eta zientifikoak argi zioen; Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak 2016an Zubietako erraustegiari emandako "Ingurumen Baimen Bateratuak ez du bermatzen osasuna, atmosferara isurtzen diren substantziekiko kontrol eta mugarik ez baitu ezartzen. Inguruan barreiatuko dira, landaretzan, lurzoruan eta uretan". 

Txostenak gogorarazten du, egungo legediak Ingurumen Baimen Bateratua herritarron osasunarentzat eta ingurumenerako arriskutsuak diren susbtantzien emisioa mugatu behar duela. Zehazkiago esanda, propietate mutageno edo kantzerigenoak izan edo airearen bidez ugalketan eragin dezaketela frogatuak dauden" susbtantziak. Eta Zubietako erraustegiari emandakoak gabezia nabarmenak dituela. Erraustuko diren hondakinek isuriko dituzten hainbat substantzia kutsakorrekiko kontrolik ez da ezarri ezta gehienezko emisio kopuruak finkatu ere.

Isurketek araudia errespetatu arren, kaltegarriak
Zientzialariok eginiko lanketak argi utzi du; segurtasun neurri guztiak hartuta ere, erraustegiak toxikoak dira eta ingurua pozoitzen du. Iragazkiak, arazketa sistemak jarrita ere, substantzien emisioa baimendutakoa izan arren, berdin berdin, "substantzia arriskutsuak isurtzen dira". Airean zabaltzen dira, eta instalakuntzon inguruan pilatzen dira, kontzentrazio maila altuan gainera. Adituen txostenak ohartarazten duenez, "isuritako substantziak alde egiten ez dutenak dira, metagarriak. Substantziok, dioxinek eta edota furanoek esaterako, kontuan izateko moduko minbizi arriskua sortzen dute instalakuntzon inguruan bizi direnengan".

Onenean, isurketa maila baxuenak izan eta guztiak kontrolpean egongo balira ere, substantzia hauekiko etengabeko esposizioagatik, "erraustegien inguruko ur eta elikagai ingestioak, patologiak izateko gehiegizko arriskuak eragiten ditu pertsonengan".

Agerikoa, hondakinak erraustu eta gaixotzearen arteko lotura
Txosten honek ohartarazten duenez, ezagunak dira isurketok herritarron osasunean izan ditzaketen eragina. Minbizia, mutagenoak edota ugalketan kaltea ekar ditzakete. Txostenak agerian uzten du beste behin, izan erraustegi zaharrak edo izan Europan martxan diren erraustegi modernoetan, kasu guztietan, agerikoa dela hondakinak errausteak inguruan bizi diren herritarrei eragiten dizkieten "patologia serioak". 

Neurriak hartzen ez badira gainera, erraustegien emisioetan substantzia berrien txertatzeak, "orain arte argitaratu izan diren datuen bidez ezagutzen duguna baino eragin are serioagoa izango du pertsonen osasun eta ingurumenean". Eta eragin nabarmenena, erraustegitik gertuen bizi garen udalerriotako herritarrengan. "Erraustegiaren emisioek gertutasunagatik eragin nabarmenagoak izango dituzte erraustegiaren bueltan dauden biztanleengan; Usurbilen, Zubietan, Lasarten eta Urnietan. Udalerriotako kaxkoak erraustegitik 1-3 kilometrora kokatuak daude, eta Andoain eta Igara 3-5 kilometrora".

Ingurumen organoen eraginkortasun falta
Adituon txostenak hainbat gabezia utzi ditu agerian, eta horrekin batera, emisio mailak betearazteko ingurumen organo erregulatzaileen gaitasun historiko falta ere bai. Hainbat gabezia antzeman dituzte:
-Identifikatu gabeko substantzien toxikotasunari buruzko datu falta.
-Metal arriskutsuen emisio saihestezinak.
-Tximinien eraginkortasun falta. Horrek emisioen gehitzea dakar, zehaztu ezin den kopuruetan.
-Dioxina eta furanoen gisako substantzia oso toxikoen sorrera tximinietan, eta haien gehitzea ingurunean eta giza ehunetan.
-Errauts hegakorrentzat eta araztutako uren tratamendurako teknika egokien falta.
-Gasek euri azidoa, ozonoaren osaera, eta arnasketa sistema erasaten laguntzen dute.
-Beste substantzia organikoen eraginen handiagotzea giza ehunetan: toluenoa, bentzenoa, alkoholak, fenolak... 
-Kutsaduraren kontrol falta eta jarraipen taldeen efizientzia falta denbora errealean.
-Hondakinak 1.100 gradutara errausteak ez ditu desegiten zenbait substantzia toxiko: bentzenoa eta toluenoa.
-Tenperatura 700etik 930 gradu zentigradura igotzean, metalen emisioa handitzen da.
-Pizte eta itzaltze faseetan, dioxina kopurua izugarri igotzen da.

Hondakinak erraustuz isuriko diren susbtantziak
-Mota askotariko plastikoak: 1-3 butadienoa, bentzenoa, toluenoa, metal astunak...
-Gomak: butadienoa, benzopirenoa, estirenoa, bentzenoa, toluenoa.
-Paper eta kartoi hondakinetatik: metalak, dioxinak, furanoak, gas azidoak.
-Araztutako lohiak: metal astunak, merkurioa, dioxinak, hidrokarburo aromatikoak, naftalenoa...
-Nanomaterialak (hondakinak erraustu ostean, errauts edo beste hondakinetan antzeman daitezke): magnesio hidrogenoa; titanio, aluminio, zink oxidoa; ikatz beltza... 

 

Zubietako erraustegian kontrolpean egongo ez diren substantziak
Segidan aipatuko ditugun substantziak toxikoak direla frogatua dago. Erraustegiek isurtzen dituzte. Zientzialarion txostenak ohartarazten du, Zubietako erraustegia martxan jartzen bada, hauen emisioa ez dela kontrolpean izango. Eta osasun arazo larriak eragin ditzaketela:

-PBDEak: tumoreak eragin ditzakete, eragin neurotoxikoak dituzte. Ugalketa sistemarako toxikoak dira, fetuaren hazkuntzan garapenaren amaiera baldintzatzen dute, jaioberriaren tamaina txikiagotzen du, eta gibelarentzat toxikoak dira.

-A Bisfenol-a: dioxinen antzera, endokrino disruptore bat da eta PBDE-ak bularreko eta prostatako minbizia, anormaltasunak eragin ditzakete ugalketan. Aldaketa mutagenoak eragiten ditu...

-Hidrogeno zianida: bihotz eta arnasketa sistemaren gelditzea eta gelditze kardiobaskularrak eragin ditzake.

-Hidrogeno bromatua: arnasketa sistema kaltetzen duen gas toxikoa.

-Ftalatoak: bularreko minbizia, ugalkortasun arazoak eta gizonen ugalketa garapenean eragiten du...

-Isozianatoak: minbizia eragin dezakete, ugalkortasun gabezian, fetuaren eta jaioberrien heriotza, anormaltasunak hezurduran...

-"1,3-butadienoa": minbizia sor dezake haurren artean, leuzemia eta minbizia baita, organo hematolinfatikoetan.

-Benzopirenoa: mutazio eta garapenean malformazioak sor ditzakete, baita tumoreak eta minbizia, akatsak jaiotzerakoan, pisu baxua izatea, jaiotze goiztiarrak, atzerapena haurraren garapenean, adimen-koziente baxua,...

-Bentzenoa: leuzemia eragiten du, minbizi hematologikoak, helduen artean "Hodgkin" linfoma...

-Fenola: nerbio sistema kaltetu dezake, tumoreak eragin. Enbriotoxiko eta genotoxikoa da animalientzat, dosi altuetan baita gizakiontzat ere.

-Paper eta plastiko hondakinen nanomaterialen errausteak eragindako PM partikulak: bereziki biriketan eragiten du. Aipatzekoa, burmuinaren hantura eragiten duen titaniozko dioxidoa. Titanio hautsa gainera, kartzinogenoa da.

-Dioxina bromatuak eta dioxina kloratu eta bromatuak: timo izeneko guruin endokrinoaren atrofia eragiten du, ugalketa arazoak... 

Kontrolatuko diren susbtantziak: partikula totalak, karbono organiko totala, azido sulfidrikoa, amoniakoa, usainak; hidrogeno kloruroa, hidrogeno fluoruroa, azufre dioxidoa, nitrogeno monoxidoa, nitrogeno dioxidoa. Kadmioa, talioa, merkurioa, antimonioa, artsenikoa, beruna, kromoa, kobaltoa, kobrea, manganesoa, nikela, banadioa eta hauen guztien osagaiak. Dioxinak eta furanoak, baliokidetasun toxikoaren metodoaren arabera.