Zubietako erraustegia

Zubietako erraustegia probaldi fasean, baina martxan

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 17a, 14:09

Astelehen goiz honetan Zubietako erraustegiak zuen itxura duzue ondoko irudiotan. Goiz lainotsu eta euritsua izan arren, lainoek ezin dute ezkutatu erraustegiari darion ke zutabe handia.

Astelehen goiz honetako irudiek argi utzi dute. Itxuraz probaldi fasean izan arren, lanean dute Zubietako erraustegia. Giro euritsu eta lainotsua izan arren, begi bistakoa da erraustegiari darion ke zutabe handia. 

Beste behin, atzerako kontaketa betean gaudela gogorarazten diguten irudiak dira honako hauek. Azken hilabeteotan sarritan ikusi ahal izan ditugu antzeko irudiak. Azaroa amaieran abiarazi zuten erraustegiaren probaldi fasea. Ikusteaz gain, entzun ere entzun ahal izan dugu erraustegia, ur-lurrun zirkuituko probaldiaren harira. 

Bazirudien martxoaren 3an jarri nahi zutela martxan erraustegia. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren esanetan, martxoa amaieran egon liteke ehuneko ehunean funtzionamenduan Zubietako erraustegia. Edozein kasutan, "ofizialki" probaldi fasean egon arren, Kontsortzioak aditzera eman duenez, "berriki ekin dio errausketa lineen etengabeko funtzionamenduari".

Alegia, probaldi fasean dela erraustegia, baina martxan, hondakinak erretzen hasia da.

ERRAUSTEGIA GERATZEKO AGENDA
Otsailak 22, larunbata
18:00 Inauteri Festako karrozari segika, gazteok Aztarrika! Dj ibiltaria Aztarrikaren karrozarekin, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
20:00 Aztarrikaren eskutik performanzea frontoian.
Antolatzailea: Aztarrika Gazte Asanblada.

Otsailak 27, osteguna
12:00 Ikasleen mobilizazioa Donostiako Gipuzkoa plazatik.
19:00 Gazte mobilizazioa Lasarte-Oriako Okendo plazatik.
Antolatzailea: Ernai gazte antolakundea.

Otsailak 29, larunbata
17:00 "Osasuna, ekonomia eta klimagatik, ez erre etorkizuna!" aldarripean, erraustegia geratzeko manifestazioa Donostiako Easo plazatik.
Antolatzailea: Larreko Mahaia.

Martxoa amaiera
Erraustegia "ofizialki" guztiz martxan jarri dezaketen garaia.