Zubietako erraustegia

Gipuzkoako Foru Aldundia, Zubietako erraustegiaz: "Laster, oso laster abian jarriko da"

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 18a, 13:08

Gipuzkoako Foru Aldundiak astearteroko Diputatuen Kontseiluaren ostean eginiko agerraldian, Zaldibarko zabortegiko hondamendia izan dute hizpide nagusietako bat. Eta kazetari baten galderaren harira, baita Zubietako erraustegia ere. "Laster, oso laster abian jarriko da", iragarri du Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak.

Zaldibarko zabortegiko hondamendiaz hedabide ezberdinetako kazetariek zenbait galdera egin ostean, amaieran heldu da Zubietako erraustegiaren aipamena. Kazetariotako baten galderaren harira hain zuzen. Zubietako erraustegia guztiz martxan noiz jarriko duten galdetu du, data zehatzik ba ote duen foru gobernuak. Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak "ez dizuet epea aurreratuko, ez dudalako informazio ziurrik eta ez nuke hanka sartu nahi" erantzun dio. Baina gutxi barru izango dela argitu dio. "Laster, oso laster jarriko da abian. Eta horren berri emango zaizue lehenbailehen", ziurtatu die Mendozak hedabideei.

Zubietako erraustegiaren egungo egoera "ofizialaren" berri eman du foru gobernuaren bozeramaileak. "Denbora luzez egon gara azpiegitura honen zain. Azkeneko frogak egiten ari dira". Eta horren harira adierazi duenez, "orain arte itxaron dugun denbora guztia eta gero, denbora gutxiko kontua da", iragarri du.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) azken egunotan iragarritakoa kontuan hartzen bada, martxoa amaieran jarri dezakete guztiz martxan Zubietako erraustegia. Nahiz hondakinak erretzen hasia den. Honela adierazi du GHK-k Kontsortzioaren ghk.eus bidez: Zubietako erraustegiak "errekuntza-probekin jarraitzen du, eta berriki ekin dio errausketa lineen etengabeko funtzionamenduari. Instalazioa martxoaren amaierarako guztiz abian egotea aurreikusi dute".

Dakizuenez, Eusko Legebiltzarreko apirilaren 5eko hauteskundeak deituta daude. Bozketa egun honen aurreko egun edo asteetan piztu dezakete erraustegia, baina ezingo dute inaugurazio ofizialik egin, hauteskunde deialdiak berak eragotziko dietelako.

Zati bat Zaldibarrera eramaten aritu ostean, Gipuzkoako industria hondakinekin zer egin erabakitzeko bilera bihar
Aipatu moduan, Zubietako erraustegiari buruzko adierazpenok, Zaldibarko zabortegiaren hondamendiari buruz egin diren galderen ondotik etorri da. Foru gobernuko bozeramaileak elkartasuna adierazi die gaurkoz zabortegian desagertuak segitzen duten bi langileen senideei. Inguruetako herritarren kezkarekin bat egin du. "Eskatzen diegu gomendioak jarrai ditzaten. Gure lehentasuna da erakunde bezala herritarren ongizatea bermatzea eta horretarako bideratuko dugu gure laguntza eskaintza erakunde gisa". Eskerrak eman dizkie egun guztiotan lanean aritu diren guztiei, orain arte bezala aurrerantzean ere laguntzen segitzeko prestasuna adieraztearekin batera.

Gai honen harira, eta Zaldibarko zabortegiak agerian jarri duen gaietako bati heldu diote agerraldira joandako kazetariek. Bihar biltzekoak dira Gipuzkoako Mankomunitateak, Foru Aldundia eta enpresa industrialak, industria hondakinen kudeaketaren gaiari heltzeko. Galdera zuzena egin diote foru gobernuko bozeramaileari; ia zer planteatuko duen Aldundiak bilera horretan. Industria hondakinentzat bi biltegi daudela erantzun du Mendozak, "Epelekoa eta Mutiloakoa". Gaineratu duenez, "Mutiloakoa amaitzear da".

Beste kazetari batek Zaldibarrera garraiaturiko hondakinez galdetu dio. Berari erantzun behar izan dio, industria hondakinen zati bat Zaldibarko zabortegira ere eramaten zela orain artean. Biharko bilerara aldiz, Aldundia informazioa biltzera doala aurreratu du Mendozak. "Lehenik egoera zein den jakin behar dugu". Arlo honetan eskumenik ez dutela esan du, industria hondakinen kudeaketaren ardura enpresen gain dagoela eta gai honetan laguntzeko prest direla.