Zubietako erraustegia

Buruan zapia jantzita manifestatzeko deia egin dute bihar, GuraSOSen "Kontuz, ama naiz!" ekimenekoek

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 28a, 12:30

Larreko Mahaiak larunbaterako (otsailak 29) Donostian (17:00etan Easo plazatik) abiatuko den manifestaziora buruan zapia jantzita joateko deia egin du GuraSOSek abian jarritako "Kontuz, ama naiz!" dinamikako kideek. Kartel ezberdinak eramatekoak dira. Astelehenean frontoian landu zituztenak.

"Kontuz, ama naiz! Natura, bizitza, etorkizuna naiz. Zertan ari zarete nirekin?", hala hasten da GuraSOSek sare sozialen bidez zabaldu duen bideoan. Amak eta haurrak ageri dira, batzuk zapia buruan jartzen, besteak zapia buruan dutela.

Horretara gonbidatzen dute; Larreko Mahaiak biltzen dituen eragile sindikal, sozial eta ekologistek, erraustegia geratzeko otsailaren 29rako Donostian (17:00etan Easo plazatik) deitu duten manifestaziora zapia buruan jantzita joatera alegia. "Kontuz, ama naiz! Indarra, kemena irudikatzeko zapia jarri dut buruan. Gazte, heldu, haur... Denok Donostiara zapia buruan!".

GuraSOSen baitan abian jarritako "Kontuz, ama naiz!" ekimeneko ama taldeak argi ohartarazten du, "ez dugu utziko erraustegia martxan jartzen, berme eta kontrolik gabe". 

Kartelak
Buruan zapia jantzita eta aipatu manifestaziora eskuetan kartelekin joatera deitzen dute "Kontuz, ama naiz!" ekimeneko kideek. Horretarako tailerra antolatu zuten astelehenean. Haur eta gurasoak hainbat kartel diseinatu zituzten frontoian antolatu zuten tailerrean.

"Kontuz, ama naiz!"
GuraSOSen baitan ama talde batek abiarazitako ekimenak hiru ardatz nagusi izango ditu. Mobilizazioen bidea jorratuko du, arlo juridikoan eta diplomazian lan egingo du. "Guretzat beti adostasuna izango da lehenetsi beharreko bidea. Gatazka hau hitz eginez konpondu behar da eta gu bide hori irekitzen saiatuko gara", gogorarazi du Joseba Belaustegik.

Erraustegia kaltegarria ez dela guztiz bermatu arte eta "haren funtzionamenduaren gaineko kontrol demokratikoa egon arte", erraustegia piztera eragoztera dator "Kontuz, ama naiz!" kanpaina. 

Ama taldea: "Ez dugu onartuko baldintza hauetan erraustegia martxan jartzea"
Haserrea eta kezka adierazi zuen berriki GuraSOSek egindako agerraldian parte hartu zuen Zubieta eta Usurbilgo ama eta haur taldeak. Zubietako erraustegiari lotutako azken gorabeherak entzunda, onartezintzat jo muten baldintza hauetan aipatu azpiegitura piztea. Agintariei eta auzitegiei neurriak hartzea eskatzen diete. 

Argi zioen GuraSOSen agerraldian zehar hitza hartu zuen ametako batek. "Gure eta batez ere gure seme-alaben osasunarengatik kezkatuak gaudelako gatoz hona, hau dena jakin eta gero, iruzur eta eskandalu hauen guztien aurrean esatera ez dugula onartuko Zubietako erraustegia baldintza hauetan martxan jartzea".

Arriskutsutzat jo zuen jarduera izango dela gogorarazita, argi utzi nahi izan zuten, "badakigu osasunarentzako kaltegarria dela eta gure seme-alaben osasuna bermatzearen arduradunak gu gara". GuraSOSek plazaratu dituen datuen aurrean adierazi zutenez, "agintariei eta auzitegiei neurriak hartzeko eskatzen diegu. Eskandalu honen guztiaren aurrean neurriak har ditzaketen auzitegiak badaude eta politikariei eskatzen diegu gai hauek politikoki lantzeko beraien agendetan". Azken deia herritarrentzat. "Mugitu egin behar garela bai edo bai, ezin diegula gainetik pasatzen utzi eta gutxiago gure txiki hauen gainetik".