Koronabirusa

Zubietan, Santuenean eta Aginagan ere, eskolak eta jubilatu elkarteak itxita

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 13a, 18:14

Koronabirusaren aurreko prebentzio neurriak Aginaga, Kalezar eta Santueneara ere heldu dira. Guneotako ikastetxe eta jubilatu elkarteak itxita daude gaurtik.

Usurbil erdiguneko hainbat zerbitzuetan aurkitu dugun irudi berarekin topo egin dugu baita Zubietan, Santuenean eta Aginagan ere. Eguerdi partean egin dugun biran, Zubietan Lanbide Eskola eta Eskola Txikian ateak itxita ikasleentzat. Gaurtik aurrera klaserik ez dute izango gutxienez datozen 15 egunotan. Hala agindu du Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan.

Edozein kasutan, Hezkuntza Sailetik ohartarazi dutenez, “eskola-jardueraren aldi baterako etenaldia ez da eskola-jardueraren etenalditzat hartu behar; aitzitik, ahalegina egin behar dugu ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari eutsi diezaioten. Horregatik, ikastetxeetako langileak beren ohiko ordutegian egotea erabaki da”. Gaineratu dutenez, etenaldi honetan zehar, “irakasleei dagokie material didaktikoa prestatzea eta ikasleen eskura jartzea, ahal den neurrian, modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izan dezaten. Horretarako, Sailak alderdi horiek argitzeko instrukzioa emango du”.

Artzabal bezala, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteak itxita gaurtik baita. Eta Zubietaren antzera, Aginagako Eskola ere itxita.