Zubietako erraustegia

Erraustegiagatik ere bizi dugun alarma egoera salatzeko sirena hotsak asteburuan

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 18a, 08:20

Hilabete hasieratik eguerdiko 12:00etan zirrara nabarmena eragiten duten sirena hotsak entzuten ari gara Usurbil inguruetan. Kea darion Zubietako erraustegiagatik ere osasun alarma egoeran garela ohartarazten diguten sirena hotsak dira. Aurrerantzean, asteburu eta jai egunetan, baita labeak jardunean dituzten egunetan ere entzungo ditugunak. Sirena hotsak piztera deitu dute balkoietan.

Covid19-agatik soilik ez, kea dariola martxan duten Zubietako erraustegiagatik ere osasun larrialdi egoeran garela oroitarazi eta protesta egiteko sirena hotsak entzun ditugu maiz hilabete hasieratik. Hasieran egunero eguerdiko 12:00etan. Sirena hotsak jartzeko deialdia aldatu dute ordea antolatzaileek; “Konfinamendu aldia luzatu egingo denez, deialdia aldatu egingo da”. Aurrerantzean asteburu eta jai egunetan edota “erraustegiko labeak jardunean ari diren egunetan” pizteko deia egin dute sirena hotsak: eguerdiko 12:00etan. Azken kasu honetan, “goizeko lehen orduan argazki bat bidaliko da eguneko informazio oharrarekin batera”.

Osasunaren aldeko herritar ekimen honekin, “hegazkinen aurkako sirenak” piztuta, “dioxina eta beste toxiko arriskutsu batzuen bonbardaketa sistematikoa jasateko dagoen arriskuaz” ohartarazi nahi dute. Uneotan, “Gipuzkoako erraustegiak koronabirusarengatik konfinamendu betean isurtzen dituenak”.

Ekimen honekin herritarrak kontzientziatu nahi dira, “zer nolako arriskua dakarren honek euren bizitza eta osasunari begira”. Gogorarazten dutenez, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera 1,6 milioi pertsona hiltzen da urtero munduan kutsaduragatik. Zientziaren alorreko txostenek salatu eta egiaztaturikoa ekarri dute gogora. “Erraustegiak Kutsatzaile Organiko Jarraikiak isuriko dituela eta beste substantzia oso toxikoak ere bai, minbizi eta mutazio sorrarazleak eta giza ugalkortasunari eragiten diotenak; haietako asko kontrolik eta isurtze mugarik gabe, esaterako, hidrogeno zianuroa, zeina den naziek gas-ganberetan erabiltzen zutena eta poliuretanoaren errekuntzan ekoizten dena. Dioxinei dagokienez, isurtze mugak ezarriko diren arren, hiru hilabetean sei ordutan baino ez dira neurtuko, urtean 24 orduz bakarrik. Gainera, neurketa enpresa kontzesiodunak egingo du, ez administrazioak, eta inoiz ez gehien isurtzen den epealdietan (funtzionamendu anomaloa, pizte eta itzaltzeetan)”.

Zaldibarko zabortegitik erraustegira
Hori gutxi ez eta, “legez kanpo, Zaldibarko zabortegian isurtzen ziren industria-hondakinak eta beste batzuk Gipuzkoako erraustegian erretzeko asmoa dago. Zer da-eta koronabirusaren krisi betean, eta Eusko Jaurlaritzaren Aginduz, Confebask patronalarekin adostu du industria-hondakinak EAEko erraustegietara bideratzea, zeinetan dagoen Donostiakoa, oraindik funtzionatzeko baimenik gabe”.

Egoera honen aurrean sirena hotsekin, herritarrak kontzientziatu eta hondakinak kudeatzeko politika publikoak ingurumen jasangarri eta ekonomia zirkularrerantz eraldatzea galdegiten dute. Martxoan bertan izan den aldaketa ere gogorarazi nahi dute; “Europar Batzordeak erraustegiak finantza-jarduera jasangarrietatik baztertu ditu, bateraezintzat jotzen dituelako ekonomia zirkular eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin”.