Zubietako erraustegia

12:00etan sirena hotsak pizteko deia, osasun arazoak areagotu ditzakeen erraustegia salatzeko

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 19a, 08:36

Apirileko "Environmental Research" zientzia aldizkariak kaleraturiko azterlan kezkagarriaz ohartarazi du apirila hasieraz geroztik 12:00etan sirena hotsak piztera deitzen ari diren herritar taldeak. Igande honetan ere ordu berean, Zubietako kea darion erraustegiagatik ere osasun alarma egoeran gaudela salatzeko sirena hotsak herrian barrena hedatzeko gonbita luzatu dute.

"Environment Research" zientzia aldizkariak apirileko alean kaleratu duen "oso azterlan zorrotza eta zabala" tarteko, igande honetan 12:00etan Zubietako erraustegia salatzeko sirena hotsak piztera deitu du hilabete hasieraz geroztik egiten ari den moduan, herritar talde bat. Aipatu azterlan honek 112.397 behatu ditu, "AEBko unibertsitate eta ospitale ospetsuenek (Harvard, Yale, Kalifornia) eta Minbizia ikertzeko zentroek egina, hala nola Marylandeko Institutu Nazionalak" landu dute. "Azterlan horren emaitzak, udal-hondakinen erraustegiek isuritako dioxinekiko esposizioa eta bularreko minbizia izateko arriskua erlazionatzen ditu".

Eta erraustegiek osasunean duten eraginaz datu kezkagarriak plazaratu dituzte. "10 km-ko erradioan bizi diren emakumeek (Gipuzkoan, Donostiako zirkuluan bizi diren emakumeak, Zarautz, Anoeta, Hernani), eremu horretan bizi ez direnek baino %28 gehiago dute bularreko minbizia izateko aukera. 5 km-ko erradioan bizi diren emakumeen kasuan, arriskua %52 handiagoa izan daiteke. Erradio horretan daude Donostiaren zati handi bat, Lasarte, Hernani, Andoain eta Usurbil". Sirena hotsak pizteko deia egin duen herritar taldeak ohartarazten duenez, "eremu hori Donostia osoak, mendebaldetik Zarautzek eta hegoaldetik Anoetak osatzen dute".

Datu kezkagarriongatik igande honeatn ere, erraustegiak herritarron osasunean izan dezakeen eragin kaltegarria salatzeko 12:00etan sirena hotsak pizteko deia egin dute. "Defendatu zure Osasuna eta zure Bizitza eta zure ingurukoena. Jo alarma-sirena. Larunbat, igande eta jaiegunetan konfinamenduak dirauen bitartean".

Dioxina eta toxiko arriskutsuez ohartarazteko
Apirila abiatzearekin batera hasi ziren erraustegiagatik ere osasun alarma egoeran garela ohartarazteko balkoi eta leihoetan sirena hotsak pizteko gonbita luzatzen. Hasieran egunero. Sirena hotsak jartzeko deialdia aldatu dute ordea antolatzaileek; “Konfinamendu aldia luzatu egingo denez, deialdia aldatu egingo da”. Aurrerantzean asteburu eta jai egunetan edota “erraustegiko labeak jardunean ari diren egunetan” pizteko deia egin dute sirena hotsak: eguerdiko 12:00etan. Azken kasu honetan, “goizeko lehen orduan argazki bat bidaliko da eguneko informazio oharrarekin batera”.

Osasunaren aldeko herritar ekimen honekin, “hegazkinen aurkako sirenak” piztuta, “dioxina eta beste toxiko arriskutsu batzuen bonbardaketa sistematikoa jasateko dagoen arriskuaz” ohartarazi nahi dute. Uneotan, “Gipuzkoako erraustegiak koronabirusarengatik konfinamendu betean isurtzen dituenak”.

Ekimen honekin herritarrak kontzientziatu nahi dira, “zer nolako arriskua dakarren honek euren bizitza eta osasunari begira”. Gogorarazten dutenez, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera 1,6 milioi pertsona hiltzen da urtero munduan kutsaduragatik. Zientziaren alorreko txostenek salatu eta egiaztaturikoa ekarri dute gogora. “Erraustegiak Kutsatzaile Organiko Jarraikiak isuriko dituela eta beste substantzia oso toxikoak ere bai, minbizi eta mutazio sorrarazleak eta giza ugalkortasunari eragiten diotenak; haietako asko kontrolik eta isurtze mugarik gabe, esaterako, hidrogeno zianuroa, zeina den naziek gas-ganberetan erabiltzen zutena eta poliuretanoaren errekuntzan ekoizten dena. Dioxinei dagokienez, isurtze mugak ezarriko diren arren, hiru hilabetean sei ordutan baino ez dira neurtuko, urtean 24 orduz bakarrik. Gainera, neurketa enpresa kontzesiodunak egingo du, ez administrazioak, eta inoiz ez gehien isurtzen den epealdietan (funtzionamendu anomaloa, pizte eta itzaltzeetan)”.

Zaldibarko zabortegitik erraustegira
Hori gutxi ez eta, “legez kanpo, Zaldibarko zabortegian isurtzen ziren industria-hondakinak eta beste batzuk Gipuzkoako erraustegian erretzeko asmoa dago. Zer da-eta koronabirusaren krisi betean, eta Eusko Jaurlaritzaren Aginduz, Confebask patronalarekin adostu du industria-hondakinak EAEko erraustegietara bideratzea, zeinetan dagoen Donostiakoa, oraindik funtzionatzeko baimenik gabe”.

Egoera honen aurrean sirena hotsekin, herritarrak kontzientziatu eta hondakinak kudeatzeko politika publikoak ingurumen jasangarri eta ekonomia zirkularrerantz eraldatzea galdegiten dute. Martxoan bertan izan den aldaketa ere gogorarazi nahi dute; “Europar Batzordeak erraustegiak finantza-jarduera jasangarrietatik baztertu ditu, bateraezintzat jotzen dituelako ekonomia zirkular eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin”.