Zubietako erraustegia

Zubietako erraustegia covid19-ari aurre egiteko ezinbesteko azpiegituratzat jo du Foru Aldundiak

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 20a, 12:38

"Hondakinak 850-1000 gradutara erraustuta birus guztiak eta osasunerako kaltegarriak diren gainerako elementuak desagertzen dira", adierazi du agerraldi bidez goizean, Jose Ignacio Asensio foru ingurumen diputatuak. Erraustegia guztiz martxan jartzeko aurreikusia zuten epea atzeratu dute berriz, astelehen goiz honetan foru ingurumen diputatuak prentsaurreko bidez jakitera eman duenez. Ingurumen Baimen Bateratuari lotutako dokumentazioa aurkeztea falta zaie, baina ezingo dute bizi dugun egoera aldatu arte gauzatu. Urrats hau ematen dutenean bai, ahalik eta lasterren, Zubietako erraustegia ehuneko ehunean martxan jarri asmo dute.

Covid19-a tarteko, bizi dugun konfinamendu egoera honetan, Gipuzkoako hondakinen kudeaketari lotutako datuak eskaini ditu astelehen goiz honetan, Foru Aldundiko ingurumen diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari Jose Ignacio Asensiok, Monica Pedreira ingurumen departamenduko zuzendari nagusiarekin eta Cesar Jimeno, GHK-ren zuzendari nagusiarekin batera. %6,7an gehitu omen da herrialdeak sortu duen hondakin kopurua. Bilketa eta tratamendu zerbitzuak normaltasun osoz bideratzen ari direla adierazi du, sektore honetan lanean dabiltzanen ahalegina eskertzearekin batera. Haientzat, beharginentzat, babeserako materiala, 33.920 unitate banatu dituztela berri eman du foru ingurumen departamenduak.

Ezinbestekotzat jo ditu Asensiok, osasun larrialdi egoera honi aurre egiteko hondakinak tratatzeko herrialdeak dituen tratamendu plantak, "batez ere Zubietakoak" nabarmendu du. Erakunde ezberdinetako araudiak (Espainiako Gobernua, Europakoa, osasun agintarienak aipatu ditu) "bere osotasunean bete ditugu".

Tramitazio etenaldiak eragin du atzerapena
Ingurumen diputatuak Foru Aldundiko egoitzatik egin duen prentsaurrekoko pantailan ageri zen Zubietako erraustegia izan dute hizpide nagusi agerraldiaren amaieran, galderak telematikoki egiten aritu diren kazetariek. Erraustegia guztiz martxan noiz jarriko duten izan da foru ingurumen diputatuari luzatu dioten galdereko bat. Asensiok onartu du Zubietako planta guztiz pizteko aurreikusia zuten epean atzerapena izan dela berriz. Atzerapena egun bizi dugun egoerak eragin duela argitu nahi izan du. 

"Martxoa amaieran edo apirila hasieran, Ingurumen Baimen Bateratu eraginkorra izateko dokumentazio guztia aurkeztea espero genuen", Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzan. Baina, osasun larrialdi egoeragatik, "tramitazio administratiboa etenda dago". Horregatik adierazi du, bizi dugun osasun larrialdi egoera amaitzen denean, "ahalik eta lasterren dokumentazio guztia aurkeztuko dugu". Hortik aurrera, Asensiok ez du data zehatzik aurreratu nahi izan, baina aste batzuetako kontua izan liteke.

%80an martxan
Bitarte horretan, iaztik martxan duten "probaldi fasean" segiko du Zubietako erraustegiak. "Zorionez, sistema oso zuzen funtzionatzen ari da", adierazi du Asensiok. Tratamendu Mekaniko Biologikoko plantatik hondakinen %80a erraustegira erretzera bideratzen ari omen dira, gainerako %20a Bizkaia aldera garraiatzen ari dira. Zenbaki gehiago; TMB plantan, 11.000 tona hondakin tratatzen ari dira hilero, Foru Aldundiaren esanetan. Erraustegian 220 tona eguneko, aipatu moduan, %80an funtzionatzen ari den honetan.

Erraustegia bizi dugun osasun larrialdi egoeran betetzen ari den funtzioa goraipatu du ingurumen diputatuak. "Hondakinak 850-1000 gradutara erraustuta birus guztiak eta osasunerako kaltegarriak diren gainerako elementuak desagertzen dira", adierazi du. Argumentu honekin Gipuzkoak duen hondakinak kudeatzeko sistemaren egokitasuna defendatu nahi izan du, zabortegiak alboratzearekin batera. "Ez dira tratamendu sistema on bat, larrialdi egoera kudeatzeko", zioen Asensiok.

Industria hondakinak
Azkoitia aldean kezka eragiten ari da, Azkarate gainean eraiki nahi dieten "hondakinen kudeaketa ez arriskutsuentzako" planta dela eta. Azkarate Garbi herri plataforma ere sortu dute jada. Gai honi buruz galdetu diote kazetariek gaur, Asensio foru ingurumen diputatuari. "Ez da zabortegi bat, horren kontrakoa baizik, tratamendu planta bat", zioen, gaineratuz, "zabortegirik nahi ez badugu, tratamendu azpiegiturak behar ditugu". Zabortegira isuri beharrean, zenbait hondakinei konponbide bat eman diezaieke Azkoitiko plantak, Asensioren esanetan. "Eskertzekoa da halako plantak izatea, ekonomia zirkularra indartzeko", zioen.

Mutiloako eta Zaldibarko zabortegiak itxita, industria hondakinak nora eramaten ari diren galdetu diote foru ingurumen diputatuari. "Normaltasun osoz heltzen dira GHK-ra, 500 tona hilero gutxi gorabehera".