J.I. Asensio, foru ingurumen diputatua: "Nor izan den eta zergatik gertatu den jakin nahi dugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 11a, 12:46

Aurrez beste bi isuri izan zirela zehaztu du, baina ukatu egin du kasuotan Zubieta gaineko azpiegiturek eragin zituztenik.

Gipuzkoako Elikagaien Bankua Foru Aldundiarekin sinatzekoa zen urteroko hitzarmen ekitaldiaren amaieran, kazetariek telematikoki eginiko galderetan, larunbatean Zubietan agerturiko arrain hilen gaiaz galdetu diote Jose Ignacio Asensio foru ingurumen diputatuari. Asteburuan gertaturikoa "azken ondorioetara arte" ikertu asmo dutela adierazi du.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ere badenak, igandean plazaraturiko oharrari buruzko hainbat zehaztapen egin nahi izan ditu. Ohar horretan adierazitakoa berretsi nahi izan du batetik; alegia, auzia oraindik ikerketapean den arren, Zubieta gaineko azpiegiturek ez dutela zerikusirik izan hilik agertu diren arrainekin. Asensioren esanetan, Tratamendu Mekaniko Biologikorako planta, erraustegia, biometanizazio planta eta zepak tratatzen dituena, urak kudeatzeko zirkuitu sistema itxia dute. Euri-urak jasotzeko deposituak soilik isuri dezake, bere esanetan, "euri-ura", Zubietan asteburuan arrainak hilik agertu diren errekara. 

Asteburukoa, hirugarren isurketa
Era berean, GHK-ren oharrak jaso bezala, aurrez beste bi isurketa izan direla azaldu du Asensiok. Lehenengoa, 2018ko ekainaren 19aren bueltan; bigarrena juxtu urtebete beranduago, 2019ko ekainaren 25 inguruan. "URA-k (Uraren Euskal Agentziak) ikertu zuen eta argi utzi zuen isurketak ez zituztela planta hauek eragin". Asensioren esanetan, argi utzi zuten "ez zela gure errua izan, beste substantzia batzuk botatzen zirela". 

Edozein kasutan, "gure asmoa zer gertatu den ezagutzea da. Nor izan den eta zergatik gertatu den jakin nahi dugu". Zubieta gaineko azpiegituraren batek edo beste edonork "irregulartasunen bat egin badu, "argitu dadila" eskatu du Asensiok. 

Aurreko bi isurketetan bezala, oraingoa ere URA ari da ikertzen; Uraren Euskal Agentzia Zubietan  asteburuan laginak hartzen izan zen.