Zubietako erraustegia

Arkaitzerrekan jazotakoa argitzeko ikerketa independentea abiarazi eta erraustegia berehala ixtea eskatu du GuraSOSek

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 15a, 13:50

Iragan asteburuan Zubietako Arkaitzerrekan hilik agerturiko arrainen harira, ikerketa independentea abiatzea eskatu du GuraSOSek, erraustegia berehala ixtea, GHK-ren lehendakari Jose Ignacio Asensioren dimisioa, eta gertaturikoari buruzko argibideak emateko Ahaldun Nagusi Markel Olanoren agerraldia. Era berean, Arkaitzerrekako arrainak hilik agertu zirenean, erraustegira ikuskapen lana egitera joandako teknikariei, hasiera batean instalakuntzerako sarbidea eragotzi zitzaiela salatu du GuraSOSek.

Zubietako bizilagunek NOAUA!ri adierazitakoa berretsi du baita GuraSOSek; iragan larunbatean Arkaitzerrekan ehunka arrain hilik agertu zirenean, URA Uraren Euskal Agentziako ordezkariak gertaturikoa ikertzera joan erraustegira bertara eta sarbidea ukatu zieten erraustegiko arduradunek. Horrek GuraSOSek salatu duenez, "atzerapena eta eragozpena eragin zuen", jazotakoa berehala ikertu ahal izatea, kasuotan garrantzitsuena dena aipatu elkartearen esanetan, "gertaerak argitzen laguntzeko ebidentziak aldatu, desegin edo desagertu ez daitezen". 

Hasieratik egoki identifikatu arren, "itxaronaldi luze" baten ostean, gerora antza bai, Gipuzkoako Foru Aldundiko basozain batek eta URAren ikuskatzaile batek erraustegira bertara sartu ahal izan zuten. Zubietara joanak ziren, 112 telefono zenbakian jasotako dei bati erantzunez, Arkaitzerrekan jazotakoa ikertzera. "Ez dago argi instalakuntzako arduradunen hasierako jarrera zergatik aldatu zuten, ezta ikuskatzaileak bertan zehazki zer gestio egin ahal izan zituen", GuraSOSen esanetan.

GuraSOSetik adierazi dutenez, joan den larunbatean erraustegiko instalakuntzen gunean jazotakoa, ikuskatzaileak bertan sartzea eragoztea "legez kanpokoa da". Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari lotutako legedia aipatzen du. Araudi honen arabera, "arau hauste larria da, ikuskatze eta kontrol jarduera atzeratu edo eragoztea". 20.000-200.000 euro arteko isun ekonomikoa eta instalakuntzak bi urtez ixtea aurreikusten du aipatu araudiak, GuraSOSen esanetan.

Ildo beretik mintzatzen da baita Ingurumenaren Euskal Legea ere. GuraSOSek aipatu araudi honen 106. artikulua ekarri du gogora. Ikuskapen lana egiten ari direnak autoritate agentetzat joko dira, aurrez jakinarazi gabe bertaratu ahalko dira, eta identifikatu ostean dagokien lana egin ahalko dute. 

Dimisio eta argibide eskaera
Arkaitzerrekan arrainak hilik agertu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortziotik jazotakoak erraustegiarekin zerikusirik izan zezakeela ukatu ostean, GuraSOSen esanetan, foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok "dimititu beharra zuen jada, bere borondatez edo Markel Olano Ahaldun Nagusiak ohartarazita". Baina halakorik ez dela gertatu eta GuraSOSek dioenez, "urgentziazkoak dira azalpenak eta argibideak" ematea, Arkaitzerrekan gertaturikoaren inguruan.

GHK-ren jokabidea auzitan jarri du GuraSOSek. "Hasierako jarrera zuzentzera eta istripu larria ukatzera behartua ikusi da. Gertatu zena ezkutatu zuen, herritarren laguntzari esker eman da ezagutzera. Arkaitzerrekako isuriari buruz gezurra esan zuen, bere erantzukizuna ukatu zuen". Jokabide berari eusten diola dio GuraSOSek. "Egia ezkutatzen segitzen du".

GHK-ren lehendakari Jose Ignacio Asensioren dimisioa eskatu du, Ahaldun Nagusia berehala agertu eta azalpenak ematea, bere esanetan iritzi publikoak jazotakoari buruzko xehetasunak ezagutu beharrak dituelako. URA agentziari aldiz, "Asensioren interes gatazka ikertzea" galdegiten dio GuraSOSek, agentziako administrazio kontseiluko kidea baita, eta "isurketa baimena duen kutsadura jarduera baten sustatzailea da" GuraSOSen esanetan.

Erraustegiaren berehalako itxiera eskaera
Horrekin batera, gertaturikoa argitzeko ikerketa independentea abiatzea eskatzen du GuraSOSek eta erraustegia berehala itxi dezala galdegiten dio Ingurumen Sailburuordeari. Erraustegiko probaldi fase honetan gertatzen denaren erantzukizuna Kontratuaren Zuzendariarena dela gogorarazi du GuraSOSek. Berari dagokio ikuskapen lana eta "azken hitza, probaldia etetea agindu dezake gainera". 

Isurketari buruzko xehetasun gehiago eskaintzekoa da GuraSOS datozen egunotan.