Zubietako erraustegia

Arkaitzerrekan gertaturikoa argitu eta erreka lehengoratzea eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 28a, 09:33

Isurketa kutsakor baten eraginez, erraustegiaren ondotik igarotzen den Zubietako Arkaitzerrekan ehunka arrain hilik agertu ziren maiatzaren 9an. Gertaturikoa argitu eta erreka bera lehengoratzea eskatu dio orain Eguzki Euskal Herriko talde ekologistak eta antinuklearrak Donostiako Udalari. Aipatu erreka ia osorik Gipuzkoako hiriburuaren lurretan kokatua baitago.

Beste alde batera begiratzeari utzi eta neurriak hartu ditzala eskatu dio Eguzki talde ekologistak Donostiako Udalari; isurketa kutsakor baten ondorioz, erraustegiaren albotik igarotzen den Zubietako Arkaitzerrekan ehunka arrain hilik agertu ostean. Gertaturikoa argitu eta lehengoratze-lanak bideratzea eskatzen dio aipatu taldeak Gipuzkoako hiriburuko udalari.

"Eguzkik Donostiako Udalari idatziz eskatu dio lan egin dezala gertaerak argitzeko, erantzukizunak zehazteko, antzekorik berriro ez gertatzeko eta, batez ere, Arkaitzerrekaren lehengoratze-lanetan modu proaktiboan jokatzeko. Horretarako eskumenak baditu eta". 

Gogoan izan, Zubieta Lantzen elkartearekin eta Anerreka Ingurumen Elkartearekin batera, hilabete hasieran Arkaitzerrekan gertaturikoa salatu eta ikertzea eskatua diotela Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzari.

"Donostiako Udalak ez du ezer esan"
Orain arte hiriburuko udalak erakutsitako isiltasuna nabarmendu du Eguzkik. "Isurketaren larria ikusita, mobilizatu zitezkeen eragile guztiak mobilizatu dira. Bai URAk bai Aldundiko Basozaintzak espediente bana ireki dituzte; Usurbilgo Udalak hasiera-hasieratik jarraipena egin eta laginak ere bere kabuz hartu eta aztertu zituen; Fiskaltzak gaia mahai gainean du, Anerreka, Zubieta Lantzen eta Eguzkiren ekimenez, isurketa ingurumenaren aurkako delitua izan daitekeelako. “Eragile guztiak”, esan dugu, baina guzti-guztiak? Ez, paradoxa bada ere, Donostiako Udalak ez du ezer esan, errekarekin eta erraustegiarekin berarekin zerikusirik izan ez balu bezala". Nahiz eta Arkaitzerreka ia osorik Donostiako lurretan kokatua egon.

Aingirak kaltetuenak
Eguzkitik ohartarazi dutenez, isurketa kutsakorrak bereziki aingirak kaltetu zituen. "Aingiren populazioak biziraupen-muga biologikoen azpitik daudelako, Kontseiluaren 2007ko irailaren 18ko 1100/2007 (EE) Erregelamenduak babesten ditu Europar Batasunaren eremuan. Hain zuzen, Erregelamendu horri jarraituz, 2010etik indarrean dago Euskal Autonomia Erkidegoan Aingira Suspertzeko Kudeaketa Plana. Plan horren helburuei ez die batere mesederik egiten, noski, Arkaitzerrekan gertatutakoak".

Isurketa, bizilagunei esker jakinarazia
Hilabete hasieran Zubietako Arkaitzerrekan izandako isuria argitzeko kudeaketa oso larritzat jo du Eguzkik. "Bietako bat: edo GHK hasieran isurketa ezkutatzen saiatu zen, eta hori oso larria litzateke; edo, sinetsi behar badiogu, astebete behar izan zuen isurketa latz baten erantzulea zela jabetzeko, eta hori aurrekoa bezain larria litzateke".

Egun haietako gertaeren kronologia gogorarazi du Eguzkik. Isurketaren biharamunean Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak "isuririk egin izana irmo ukatu zuen". Lau egun beranduago, "ukatzen jarraitzerik ez zegoela ikusirik, GHK-k isuria onartu egin zuen. Argudiatu zuen ontzi bat amoniako deskargatzen ari zen “kanpoko hornitzaile” batek eragin zuela isuria".

Gertaerokin ondorio argira heldu da Eguzki; "arrainak hilik ikusi eta abisatu zuten pertsona haiei esker izan ez balitz, isurketa isilpean geratuko litzateke".