Zubietako erraustegia

GuraSOS: "Asensiok gezurra esaten du eta modu eskandalagarrian manipulatzen du"

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 2a, 13:33

Jose Ignacio Asensio foru ingurumen diputatuak egunotan esandakoak gezurtatu ditu GuraSOSek ohar bidez. Zubietako erraustegiaren aferagatik, Europak Foru Aldundia ikertzen segitzen duela argitu du, ez duela Diputazioak gai honetan izandako jokabidea babestu. Asensioren dimisioa eskatu du GuraSOSek eta gai honekin Europara joko duela iragarri du.

"Berriz ere Europak arrazoia eman digu", zioen Jose Ignacio Asensio Foru Aldundiko ingurumen diputatuak joan den ostiralean Twitter bidez, Diario Vascok argitaraturiko artikulu baten estekarekin batera argitaraturiko mezuan. Artikulu haren arabera, Europako Parlamentuak GuraSOSen eskaerak alboratu eta Foru Aldundiak Zubietako erraustegiaren auzian izandako jokabidea babesten zuela baieztatzen zuen. Gardentasunez jokatu zuela Foru Aldundiak, "Gipuzkoako Ingurumen Gunea" deitzen dioten Zubieta gaineko azpiegituren diseinu, eraikuntza edota finantziazioan.

Foru ingurumen diputatuak eginiko adierazpenak gezurtatu ditu GuraSOSek. "Asensiok gezurra esaten du eta modu eskandalagarrian manipulatzen du". Manipulazio kasu larri baten aurrean gaudela ohartarazten du. "GuraSOSek uste du iritzi publikoaren eta komunikabideen gaineko manipulazio larri baten aurrean gaudela". Eta "Europako komunitateko instituzioekiko errespetu falta ikaragarria adierazten du horrek; izan ere, hartu ez dituzten erabakiak esleitzen zaizkie". 

Dimisio eskaera
Europako erakunde bat funtsik eta errespeturik gabe nahastea egozten dio GuraSOSek Asensiori. Foru ingurumen diputatuaren adierazpenak salatzearekin batera, gai hau Europako Parlamentura eramateko tramitazioa abiatu duela iragarri du, "talde parlamentario ezberdinen eskutik". Duela hilabete, Zubietako erraustegi ondotik igarotzen den Arkaitzerrekan izandako isuriaren eraginez, ehunka arrain hilik agertu ostean eginiko eskaera sendotu baino ez du egiten GuraSOSentzat, egunotan gertaturikoak; Asensioren dimisioa eskatu du berriz. "GuraSOSek adierazi zuen Asensiok dimititzearen beharraz, Arkaitzerrekan gertaturiko pozoiduraren ostean egindako ezkutaketa eta faltsutzearen ondorioz. Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeak igorritako oharraren osteko manipulazioak eta gezurrak uste sendo hori baino ez du indartzen".

Europak Aldundia ikertzen jarraitzen du
Ohar bidez argi utzi duenez, "Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeak GuraSOSek eskatutako aferak ikertzen jarraitzen du bere askotariko norabideetan. Batzorde horrek eskaera horretarako ekintzarik aproposena erabakiko du, horren gaineko ebaluazioaren araberakoa”. 

Europak dioen horretatik Asensiok ondorioztatu duenarekiko harridura agertu du GuraSOSek. "Modu harrigarrian, ondorio horretatik Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok ondorioztatzen du “Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeak GuraSOSek eskatutako arbuiatu duela”. Joan den maiatzaren 28ko prentsa ohar batean adierazi zuen, eta ia komunikabide guztiek jaso zuten".

GuraSOSen esanetan, bietako bat; "Asensio gezurretan ari da, edo sekulako ezjakintasuna adierazten ari da". Aipatu bilgunetik argitu dutenez, Europa Foru Aldundia ikertzen ari da Zubietako erraustegiaren inguruan". Gai honi buruzko txosten bat landua du Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Batzordeak. Txosten horren inguruan ohartarazi zaie orain batzordeko kideei. "Ohar horren ondorio bakarra da ikertzen jarraitzea", GuraSOSek zehaztu duenez. 

Egunotakoa guraso elkartearen esanetan, "ez baita erresoluzioa, ezta eskaera bati egindako erantzuna; izan ere, Batzordeak ez du gaia tratatu orain arte egindako bileretan. Bere garaian onartu zuen tramitea baino ez. Hortaz, batzorde horretarako kideei zuzendutako oharra da, etorkizuneko bilera batean gaia tratatzeko. Joan den apiriletik Europako Parlamentuko Batzordeak COVID-19arekin lotutako gaiak baino ez da lantzen ari".

Horregatik, harrigarritzat eta erabat interesatutzat jotzen ditu GuraSOSek, foru ingurumen diputatuak Europak esandakoa nola interpretatu duen, "ez dago egiaztatua testuaren hitzez-hitzekotasunarekin. Horrenbestez, GuraSOSek hitzez-hitzezkotasunaren gainean egiten duen interpretazioa Asensio diputatuaren ikuspegi manipulatzailetik urruntzen da erabat. GuraSOSek ikusten du Batzordeak faltan botatzen duela Foru Aldundiak hondakinen Kudeaketarako Planaren berrikuspena epe legalean egin izana GuraSOSek beti salatu duen bezala. Hau Hondakinen Direktibaren urraketa larria ba, guztiz lotuta dagoena jendartearen parte-hartzearen direktibaren urraketarekin, eskubide hori Planaren berrikuspenean bermatu behar baita".