Zubietako erraustegia

Arkaitzerrekako isurketaren erantzukizuna emakidadun enpresa taldeari egotzi dio Foru Aldundiak

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 25a, 16:10

Maiatza hasieran erraustegi ondotik igarotzen den Zubietako Arkaitzerrekan izandako amoniako isurketaren erantzukizuna erraustegia eta gainerako azpiegituren kudeatzailea den emakidadun enpresa taldeari egotzi dio Foru Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok. Hala erantzun dio EHBilduk eginiko interpelazioari, gai honi buruz asteazken honetan Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin duten osoko bilkuran. 

Maiatzaren 9an Zubietako Arkaitzerrekan hilik agerturiko ehunka arrainen harira, bertan izandako amoniako isuria argitzeko GHK-ren lehendakari eta foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensioren agerraldia eskatu zuen berriki EHBilduk. Gipuzkoako Batzar Nagusietan argibideak ematea galdegin dute koaliziotik. Kezkagarritzat jotzen zuten oraindik probaldi fasean den erraustegiak “bere lehen istripu larria eduki izana”. EHBilduk gogorarazten zuen GHK-k lehenbizi erraustegiak isuri horrekin zerikusirik izan zuenik ukatu zuela, baina azkenean, erraustegia kudeatzen duen enpresa izan zela amoniako isuri horren erantzulea.

EHBilduren esanetan inguruko biztanle eta herrietan kezka larria eragin duen gai honen inguruko interpelazio eskaera egin diote asteazken honetako Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran Jose Ignacio Asensio foru ingurumen diputatu eta GHK-ren lehendakariari. 

Asensio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko zuzendariak gai horri buruz idatzitako espedientean ebatzitakoa irakurtzera mugatu da. Hasieran GHK-k eta kontsortzioko lehendakariak berak ukatu egin zuen isurketak Zubieta gaineko azpiegiturekin (tartean, erraustegiarekin) zerikusirik izan zezakeenik. Handik egun gutxira ordea, aitortu zuten eremu hartatik isuritako amoniakoak eragin zuela Arkaitzerrekako ehunka arrainen heriotza. Batzar Nagusietan, GHK-ren zuzendariaren txostenak ere gauza bera berretsi duela zioen Asensiok Batzar Nagusietako osoko bilkuran; maiatzaren 7an izandako maniobra lan batzuek eragindako amoniako isurketak eragin zuela Arkaitzerrekako ezbeharra. 

Asensiok gertatukoa, erraustegia eta gainerako azpiegituren eraikitze eta kudeatze lanez arduratzen ari den enpresa taldeari egozten dio, eta berehala "neurri zuzentzaileak" hartzea eskatzen dio, baita Arkaitzerrekako kaltea konpontzeko neurriak gauzatzea ere. 

"Gertaera puntuala"
Aipatu moduan, Asensiok ahotan hartutako eskaerok GHK-ren zuzendariak idatzitako txostenak biltzen dituen eskariak dira. Maiatza hasieran Arkaitzerrekan izandakoa "gertakari puntual" bat izan zela esan du Asensiok, ukatu egin du Zubietako azpiegiturekin zerikusirik izan zuenik. "Hemen gertatu dena isurketa puntual bat da eta noski, bere larritasuna du eta bere ondorioak izango ditu", ohartarazi du.

Arkaitzerrekako ezbeharra gertatu eta lehen egunetan emandako informazioan argitasun falta izan zela adierazi dute EHBildutik, gardetasun falta egon dela. Gai honetan gardentasun osoz jokatu dutela eta erabateko kontrol publikoa dagoela adierazi du ingurumen diputatuak. "Erantzukizun guztiak eskatuko ditugu eta azken punturaino iritsiko gara", iragarri du Asensiok. 

Arau hausteen erantzulea emakidadun enpresa taldea izan dela nabarmentzen du foru ingurumen diputatuak. GHK-k plazaratu duen txosten juridikoaren arabera, Asensioren esanetan 3 arau hauste egin ditu enpresa taldeak; tartean, Arkaitzerrekako amoniko isurketaren berri ez ematea GHK-ri. Enpresa taldeari alegazioak aurkezteko 10 eguneko epea eman diola berri eman du Asensiok. 

Ingurumen eragileen salaketaz
EHBilduk interpelazio honekin jakin nahi zuen baita, Zubieta Lantzenek, Anerreka Ingurumen Elkarteak eta Eguzkik Gipuzkoako fiskaltzan aurkezturiko salaketaren harira, fiskaltza bera GHK-rekin hartuemanetan jarri den. Asensiok erantzun du eskatu duten beharrezko informazioa dutela "Ertzaintzak, Guardia Zibilak, Fiskaltzak, URA agentziak, Ingurumen Sailak eta Aldundiko eremu naturaleko teknikariek".

EHBildutik galdetu diote ia arrainak hilik agertu ziren egunean, GuraSOSek salatu moduan, URAren teknikariak erraustegira sartzea eragotzi ote zitzaien. Oztoporik ez dela egon erantzun du Asensiok; "ia 12 bisita egon dira". 

Batzar Nagusietako osoko bilkura Youtubetik streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera izan da asteazken honetan. Esteka honetan ikus dezakezue EHBilduk Asensio interpelatzen duen unea (une zehatza hauxe: 3:19:21): https://www.youtube.com/watch?v=LYTFcc5wiOo